13:05

Ekonomia

Polemika

Osakidetzako azterketetan filtrazio-zantzuak ikusten dituela dio oposizioak

Agentziak | Erredakzioa

Eusko Legebiltzarreko oposizioko taldeek azalpenak eskatu dituzte, gutxienez hamar espezialitatetan filtrazioak egon zirela uste dutelako.

1:45
  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Osakidetzaren Lan Eskaintza Publikoaren azterketetan, gutxienez hamar espezialitatetan, filtrazioak izan direla erakusten duten zantzuak daudela uste dute oposizioko alderdiek. Hori dela eta, azalpenak eskatu dituzte gaur Eusko Legebiltzarrean.

Eusko Jaurlaritzako Osasun sailak espedientea ireki du, bi arlotan irregulartasunak izan ote ziren argitzeko, hainbat sindikatuk eta epaimahaiko kide batek hori salatu eta gero.

EH Bildu, Elkarrekin Podemos eta PP alderdietako bozeramaileek hedabideen aurrean hitz egin dute, Maria Jesus Mugica Osakidetzako zuzendari nagusiaren eta Jon Darpo Osasun sailburuaren agerraldia eskatuko dutela iragartzeko. Azaldu dutenez, filtrazio-susmo horien inguruan azalpenak eskatuko dizkiete.

Hiru taldeen arabera, zenbait hautagaik batezbestekoek baino askoz ere puntuazio hobeak atera dituzte proba batzuetan. Kardiologian, esaterako, 22 pertsonak posible ziren ehun puntuetatik guztiak atera zituzten bigarren azterketan, gainerako hautagaiek atera zutenarekin bikoitza. Espezialitate horretan 22 lanpostu eskaini zituzten.

EH Bilduko Rebeka Uberaren iritziz, Osakidetzak abiatutako espedientea "formalismo huts batean" geratzeko arriskua dago, "egoera larri bati dagokion gardentasuna eman gabe".

Cristina Macazagak (Elkarrekin Podemos) defendatu duenez, anestesia eta erreanimazio espezialitateetan notarik onenak aterako zituzten hiru hautagairen izenak biltzen dituen notario-akta bat dute.

Laura Garridok (PP), bere aldetik, bat egin du oposizioko beste bi alderdiekin, lan eskaintza publikoko azterketetan filtrazioak egon direla erakusten duten "zantzu nahiko sendoak" daudela esateko. Halaber, emaitzak "ohiz kanpokoak" eta "arraroak" direla ziurtatu du.

Osasun Sailaren eta Osakidetzaren erantzuna

Eusko Jaurlaritzako Osasun sailak eta Osakidetzak oharra zabaldu dute Elkarrekin Podemosek, EH Bilduk eta Alderdi Popularrak egindako adierazpenen harira. Idatzian adierazitakoaren arabera, Osakidetzak espediente informatiboa ireki duela gogoratu dute, joan den astean Angiologia eta Kirurgia Baskularra ataletako epaimahaiko kide batek Osakidetzako Zuzendaritza Nagusiari bidalitako gutuna ikertzeko. Espediente hori amaitzean, beharrezkoa balitz, egoerak eskatutako neurriak hartuko lituzketeela azaldu du.

Halaber, Osakidetzak ez duela irregulartasunen baten inguruko salaketa sendorik jaso azpimarratu dute. Inolako frogarik ez dagoela ere esan dute.

Bestalde, Osakidetzak ez du, gaur egun, joan den maiatzaren 12an hasitako Lan Eskaintza Publikoa bertan behera uzteko arrazoirik ikusten. Beraz, prozesuak martxan jarraituko duela ohartarazi dute.

Azkenik, pentsaurrekoa deitu dute gaur, 17:00etan, Osakidetzaren egoitza nagusian.

Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena