13:01

Ekonomia

LAN ESKAINTZA PUBLIKOA

Osakidetzak lan eskaintza publikoaren probak ikertzen jarraituko duela iragarri du

Agentziak | Erredakzioa

Maria Jesus Mugika Osakidetzako zuzendari nagusiak baieztatu duenez, espedientea aztertzen jarraituko dute, nahiz eta salaketa ofizialik ez duten jaso.

  • Osakidetzako probetako artxiboko argazkia. EiTB

    Osakidetzako probetako artxiboko argazkia. EiTB

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Osakidetzako lan eskaintza publikoaren probetako bi ataletan irregulartasunak izan ziren ala ez ikertzeko espedientea irekita dagoela esan du Maria Jesus Mugika osasun zerbitzuko zuzendari nagusiak. Dena den, epaimahaiak oposizioetan egindako lanaren inguruko salaketa ofizialik ez dutela jaso baieztatu du.

Ostiralean ELA eta LAB sindikatuek "opakutasuna" eta "irregulartasunak" salatu zituzten angiologia eta kirurgia baskularra espezialitateetako azterketetan.

Atal horietako epaimahaiko kide batek ustezko irregulartasunak sumatu izana adieraziz gutun bat idatzi zion Osakidetzari. Izan ere, sindikatuen esanetan, probak oso zailak ziren eta % 10ak baino ez zituen gainditu.

Hautagaietako batzuek "oso puntuazio onak" izan zituzten, gainerakoekin alderatuta. Hori dela eta, azterketen edukiak filtratu direla salatu dute.

Mugikaren iritziz, espezialista horren gutuna ez denez salaketa ofizial bat, Osakidetzak ez duela salaketarik jaso.

3.335 lanpostutarako hautaketa-probetako 86 epaimahaiak "independienteak" direla berretsi du, guztiak Osakidetzako profesionalak direla berresteaz gain.

Epaimahaietan ez dago "ez Osasun saileko ez Osakidetzako Zuzendaritza Nagusiko inor". Hautatzaileen lana goraipatu beharra dagoela esan du, 56 ataletan hautaketa prozesua arazorik gabe amaitu baita, salaketarik gabe. "Ariketen inguruko 51 erreklamazio baino" ez direla aurkeztu azpimarratu du.

Hala eta guztiz ere, salaketaren bat jasotzekotan "Osakidetzak ikertu egingo dituela" zehaztu du, eta Fiskaltzari bidali behar zaizkio, hala egingo duela.

Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena