17:58

Ekonomia

Epaiketa

Gisasolaren esanetan, ez zuen bermatu ekarpenak ez zirela 'inoiz' galduko

Agentziak | Erredakzioa

Fagor Etxetresnak enpresak eta Edesak 47,8 milioi euro eskatuko dizkiote Mondragoni gaur Bergaran hasi den epaiketan, kooperatiba horiek egindako ekarpen boluntario eta merkataritza-maileguengatik.

1:11
  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

"Enpresari ekarpen boluntarioak egin zizkioten kooperatibako bazkideei ez nien inoiz bermatu ez zituztela galduko", esan du gaur Txema Gisasolak, Mondragon Korporazioko presidente ohiak eta Fagor Etxetresnak enpresako zuzendari ohiak.

Fagor Etxetresnak enpresako 900 bazkide ohik baino gehiagok Mondragon Korporazioaren aurka jarritako salaketa kolektiboa dela eta Bergaran gaur hasitako epaiketan egin ditu Gisasolak adierazpenok. 47,8 milioi euro eskatu dizkiote Korporazioari salaketaren bidez, 2013an Fagor erori ostean egindako ekarpen boluntario eta merkataritza-maileguengatik.

Gisasolaz gain, Arantxa Laskurain Mondragon Korporazioko idazkari nagusiak, Fabian Bilbao Fagor enpresako gerente ohiak, eta Jose Maria Aldekoa taldeko presidente ohiak deklaratu dute.

Salatzaileen arabera, bazkideek "informazio engainagarria" jasota erabaki zuten aurrezkiak Fagor Etxetresnak eta Edesa enpresetan uztea, Mondragon Korporazioko arduradunek seguru baitzuten bi kooperatibak "kontrolatutako lehiaketa baten bitartez" itxiko zituztela.

Dena den, Gisasolak ukatu egin du baieztapen hori; izan ere, berretsi duenez, 2012ko apirilean oraindik "ez zuen uste" Fagor Etxetresnak hartzekodunen konkurtsoan sartuko zenik.

Bazkideek bazuten kooperatibaren egoeraren berri

Horrez gain, Gisasolaren arabera, bazkideek bazekiten kooperatibaren egoera zaila zela, nahiz eta "ez pentsatu itxi egingo zela".

Ondoren azaldu duenez, ez zien Fagorreko bazkideei bermatu ez zirela "inoiz" konkurtso egoerara iritsiko, Mondragon Korporazioak bideragarritasuna bermatzeko "beharrezko babes osoa" emango ziela esanda. Era berean, Gisasolaren esanetan, ez zien azaldu ekarpenak edo maileguak inoiz ez zituztela galduko.

Bestalde, ekarpen boluntarioak ez dituela korporazioak eman azpimarratu du Arantxa Laskurain Mondragon Korporazioko idazkari nagusiak.

Fabian Bilbaoren aburuz, bazkideek beharrezko informazioa jasotzen zuten sistema kooperatiboak ezarritako mekanismoen bidez. Ondoren, Mondragon Taldearen presidente kargua Gisasolari emateko prozesua deskribatu du Jose Maria Aldekoak.

Abokatuen balorazioa

Mondragon Korporazioko abokatua, Arantxa Estefania, "zuhur" agertu da, oraindik hiru saio geratzen direlako. Alabaina, "pozik" dagoela esan du, "engainuaren teoria" ez dela benetakoa "agerian" geratu delako.

Raul Tenes salatzaileen abokatua azaldutakoaren arabera, berriz, "lekukotza batzuk kontraesankorrak" izan diren arren, "ez da sorpresarik egon". Bihar lekuko gehiagok deklaratuko dute.

Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena