Ekonomia
Kontsumorako Prezioen Indizea
KPIa % 0,3 igo da EAEn eta % 0,2 Nafarroan, martxoan
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Batez ere, jantzien eta zapaten igoerak eragin du prezioen gorakada. Hotelen, jatetxeen eta kafetegien prezioek ere gora egin dute.
-
Etxebizitzaren prezioaren igoerak eragin du, besteak beste, prezioen gorakada. EiTB
Kontsumorako Prezioen Indizea % 0,3 igo da Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) eta % 0,2 Nafarroan, martxoan; urte arteko tasa, berriz, % 1,2 igo da EAEn eta % 1 Nafarroan, Espainiako Estatistika Institutuak ostiral honetan argitaratutako datuen arabera.
Prezioen igoera horretan eragina izan du jantzien eta zapaten (% 5,2) igoera. Halaber, hotelak, jatetxeak eta kafetegiak (% 0,9) igo dira. Neurri txikiagoan alkoholdun edariak eta tabakoa (% 0,5) eta elikagaiak (% 0,3) hazi dira.
Etxebizitzen prezioek, berriz, % 2,1 behera egin dute; garraioak (% -0,3) eta komunikazioek (% -0,2) ere behera egin dute.
Otsaileko datuekin alderatuta, berriz, prezioek gora egin dute % 0,3 Bizkaian zein Gipuzkoan eta % 0,1 Araban.
Lurraldez lurralde, % 1,3 igo da urte arteko KPIa Gipuzkoan; Bizkaian eta Araban, berriz, % 1,1koa izan da.
Bestalde, Espainian % 1,2 igo da urte arteko inflazioa martxoan, otsailean izandako prezioen igoera baino % 0,1 gehiago.