Itxi

Ekonomia

AEB

Trumpek ez die Europar Batasunaren altzairuari eta aluminioari muga-zergarik jarriko

Agentziak | Erredakzioa

Era berean, Australiak, Argentinak, Brasilek, Hego Koreak, Kanadak eta Mexikok ez dute muga-zergarik ordainduko; bai, ordea, Txinak, Errusiak eta Venezuelak.

  • Altzairu bobina bat. Artxiboko argazkia: EFE

    Altzairu bobina bat. Artxiboko argazkia: EFE

Europar Batasuna (EB), Australia, Argentina, Brasil eta Hego Korea altzairu eta aluminio inportazioen gaineko muga-zergen igoeratik at uztea erabaki du Donald Trump Ameriketako Estatu Batuetako presidenteak, baita Kanada eta Mexiko TLCANeko bazkideak ere. Neurria ostiral honetan sartuko da indarrean.

“Trumpek herrialde horiei tarifen inposaketa bertan behera uztea erabaki du”, adierazi du Robert Lighthizer Kanpo Merkataritzako arduradunak Senatuko Finantza Batzordearen aurrean.

Altzairuaren inportazioari % 25eko eta aluminioari % 10eko muga-zerga berriak inposatuko zizkiola iragarri zuen Trumpek hilabete hasieran. Neurriak alarma sortu zuen; izan ere, herrialde guztiei eragingo ziela erantsi zuen.

Hala ere, Lighthizerrek iragarritakoaren arabera, gutxienez aldi baterako, Etxe Zuriari egindako presioen aurrean etsi egin du AEBko presidenteak; izan ere, Kabineteko kide batzuek eta merkataritza bazkide nagusiek neurria kritikatu dute.

Gaur bertan, ostirala baino lehen AEBek EB muga-zergatik kanpo uztea espero zuela esan du Cecilia Malmstrom Europako Merkataritza komisarioak. Neurri protekzionistak eragingo dien estatuen behin betiko zerrenda ostiral honetan argitaratu behar du Gobernu estatubatuarrak.

Horrela, Txinak, Errusiak eta Venezuelak muga-zergak pagatuko dituzte ostiral honetatik aurrera. Bihar 15 egun beteko dira, industria nazionala babesteko, Trumpek neurri polemikoa sinatu zuenetik.