Ekonomia
Mobilizazioak
Eider Garaikoetxea | Eitb.eus
Sistema publiko eta 'duina' galdegiten dute, gutxieneko pentsioa 1.080 eurotan edukiko duena. Aldarrikapen nagusiak bildu ditugu.
Pentsiodunek Bilbon egindako protesta. EFE
Albisteak (4)
Pentsiodunek hilabeteak daramatzate astelehenero kalera irteten eta martxoaren 17rako manifestazio "erraldoia" deitu dute Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan. Ohartarazi dutenez, pentsio "duinak" lortu arte ez dute amore emango. Asteon Mariano Rajoy Espainiako presidenteak egindako iragarpena kritikatu dute, mugimendua "zatitzeko eta epeltzeko" helburua duelako. Pentsio txikienen edozein hobekuntza 2018ko aurrekontuak onartzearekin lotu zuen Espainiako Gobernuak.
Pentsiodunen talde, elkarte eta plataforma ezberdinak lurraldeka antolatu dira, eta larunbateko manifestazioari begira aldarrikapenak bildu dituzte. Honakoak dira garrantzitsuenak:
1. Pentsioak KPIaren arabera igotzea
Espainiako Gobernuak 2018rako ezarritako % 25eko igoera, Legeak ezarritako gutxienekoa, "iraina eta huskeria" dela uste dute erretiratuek.
2. Gutxieneko pentsioa 1.080 eurokoa izatea
2018an, erretiro-pentsioa urteko 11.044,6 eurokoa da, hots, hilean 788,9 eurokoa (739 euro, 65 urte baino gutxiago baduzu). Bikotekidea ardurapean duten erretiratuei aplikatzen zaizkie kopuruok; halakorik ezean pentsioaren zenbatekoa txikiagoa da (639 eta 606 euro bitartean).
Alargun-pentsioak txikiagoak dira. Familia-karga dutenek, esaterako, 739 euro jasotzen dituzte. 60 urte beherakoek, 484 euro.
Bizkaiko Pentsiodunen Mugimenduaren arabera, Euskadin 190.000 pertsonak "bizirauten" dute 700 euro baino gutxiagorekin, "gehienak emakumeak".
3. Pentsioen erreforma eta iraunkortasun faktorea bertan behera uztea
Faktore hori 2019an aplikatuko da, eta pentsioak kalkulatzeko modua aldatuko du. Kalkulu berri horren arabera, pentsioek behera egingo dute urtero. Izan ere, pentsioak kalkulatzeko unean-uneko bizi-iraupena kontuan hartuko da. Hortaz, bizi-itxaropena handitzen den heinean, dirua denbora tarte handiagoan banatu beharko da, eta beraz, txikiagoak izango dira pentsioak.
4. Pentsioak Estatuko Aurrekontu Orokorrean sartzea, eta "diru publikoaren bidez" bermatzea
Orain arte, Espainiako Gobernuak pentsioak ordaintzeko diru faltan zegoenean, Gizarte Segurantzaren Erreserba Funtsetik —"pentsioen itsulapikoa" deitutakoa— hartzen zuen. 2000.ean Gizarte Segurantzaren sistema publikoa bermatzeko sortutako inbertsio funtsa da hori. Kontua da 'itsulapikoa' ia hutsik dagoela: 2017ko abenduaren 1ean 8.095 milioi euro zeuden funts horretan, 2002tik duen kopururik txikiena (2011n 66.815 milioi euro zituen).
Gaur egun, pentsioak langileen hileko kotizazioekin ordaintzen dira. Arazoa aparteko soldatekin dator, hileko nomina halako bi denean, baliabide horiekin ez dutelako nahikoa. Hala, ikusteke dago zelan ordainduko duen Rajoyren gobernuak 2018ko pentsiodunen aparteko soldata.
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa