Itxi

Ekonomia

Lan-erregulazio espedientea

Siemens Gamesako sindikatuek lanuzteak deitu dituzte abenduaren 11tik aurrera

Agentziak | Erredakzioa

CCOO eta UGT sindikatuek lanuzte partzialak eta, abenduaren 15etik aurrera, greba mugagabe bat iragarri dituzte. ELAk eta LABek deialdiekin bat egin dute.

  • Siemens Gamesako langileen elkarretaratzea. Artxiboko irudia: EiTB

    Siemens Gamesako langileen elkarretaratzea. Artxiboko irudia: EiTB

Siemens Gamesa konpainiako CCOO eta UGT sindikatuek, abenduaren 11tik aurrera, lanuzte partzialak eta, abenduaren 15etik aurrera, greba mugagabea egiteko dei egin dute, UGTko iturriek jakitera eman dutenez.

Lanuzteen ordutegiak oraindik ez dituzte zehaztu, baina hasierako asmoa abenduaren 11n bi orduko lanuztea egitea da, Espainiako lantegi guztietan. Orduen kopuruak gora egingo luke aste horretan zehar, ostiralean zortzi orduko lanuztea egin arte. Azken egun horretatik aurrera greba mugagabea izango litzateke.

Zuzendaritzak aurkeztutako lan-erregulazio espedientea atzera botatzea da lanuzteen helburua. Enpresak 272 langile kaleratu nahi ditu Estatuan, horietatik 155 Hego Euskal Herrian.

Negoziatzeko bilera bakarra azaroaren 23an egin zuten, baina sindikatuak mahaitik altxatu ziren, konpainiak espedientea atzera botatzeko asmorik ez zuela ikusita.

Bilera, abenduaren 5ean

Orain, lanuzteen deialdia Espainia osorako egin ondoren, beste bilera bat egingo dute bitartekaritza zerbitzuan (SIMA), abenduaren 5ean.

Akordiorik lortzen ez bada, lanuzteak zubiaren ostean hasiko dira, abenduaren 11an, hain zuzen ere. UGTko iturrien arabera, ELA eta LAB sindikatu abertzaleek lanuzte deialdiekin bat egin dute.