Ekonomia
LANUZTEA
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Lau orduko geldialdia egin dute, 'konpetentzia desleiala' egiten omen dieten lizentzia berrien kontra. Besteak beste, Uber eta Cabify enpresen jarduera erregulatzeko araudia aldatzea eskatzen dute.
Taxi-gidariek ekainean Bilbon egindako protesta. Argazkia: EFE.
Hego Euskal Herriko taxi-gidariek lau orduko lanuztea egin dute gaur, besteak beste Uber eta Cabify konpainien "lehia bidegabea" salatzeko. Taxilarien arabera, konpainia horien jarduera arautzeko legedia aldatzen ez bada, "taxiaren zerbitzu publikoa desegin" egingo da.
11:00etatik 15:00etara egin da lanuztea, Iruñean izan ezik; Nafarroako hiriburuan jaieguna dute gaur, San Saturnino edo San Zernin eguna dela eta, eta lanuztea 09:00etatik 13:00etara egitea erabaki dute bertako taxi-gidariek.
Nafarroan, AITAN taxilarien elkarteak eta Teletaxi San Ferminek lau orduko lanuztea babestu dute, alokairuko auto txoferdunen gorakadaren aurka protesta egiteko. Nafarroan VTC baimen bakoitzeko dagoeneko 7 taxi direla gogorarazi dute.
Nafarroatik Madrilera zenbait taxilari eta AITANeko presidentea joan dira manifestazio handi batean parte hartzeko.
Nafarroako Gobernuaren eta Iruñerriko Mankomunitatearen “eraginkortasunik eza” kritikatu du AITANeko presidenteak. “Zerbitzu publikoari babes irmoa” ez ematea leporatu die.
Borja Muson EAEko Taxilarien Federazioko presidenteak salatu duenez, baliteke urtebete barru Euskadin gidari eta guzti alokatzen diren autoen 500 lizentzia egotea. Horren arabera, 40 euro baino gutxiago ordaindu dira lizentzia horietako asko, legedian dagoen "hutsunea" baliatuta.
Egun, 3.000 familia inguru bizi dira Hego Euskal Herrian taxiaren sektoretik.
Milaka taxilari bildu dira Madrilgo protestan. Argazkia: EFE
Manifestazioa Madrilen
Milaka taxilarik manifestazioa egin dute Madrilen, Uber eta Cabify plataformek eskainitako alokairuko auto txoferdunen aurka protesta egiteko.
Besteak beste, “Legea betetzearen alde” eta “Espainiako Merkatu eta Lehia Batzordeari eta haren multinazionalei ez. Taxi zerbitzu publikoaren alde” zioten protestako pankartek.
Manifestazioa 11:00ak aldera hasi da Emperador Carlos V plazan, Atochako geltokitik gertu, eta bi ordu geroago bukatu da Canovas del Castillo plazan, Diputatuen Kongresutik hurbil. 30 taxi protestaren buruan izan dira.
Parte-hartzaileek erkidegoetako banderak eta kartelak eraman dituzte, besteak beste, “De la Sernaren dimisioa”, “PPk 100.000 lanpostu deuseztatu nahi ditu”, “Lehia desleialari ez” edo “Uberrek politikariak erosten ditu Europan” leloekin.
Ibilbidean, musika, klaxon eta petardoen hotsa nagusi izan da. “Rajoy, entzun, taxia borrokan dago” edo “Taxia baturik ez da sekula garaitua izango” oihukatu dute manifestariek.
Talde parlamentario ezberdinei zuzendutako dokumentu bat entregatu dute deitzaileek Diputatuen Kongresuan, VTC eta taxien arteko oreka ziurtatzeko proposamenekin.
Besteak beste, Uber eta Cabify enpresen jarduera erregulatzeko araudi zuzenagoa eskatzen dute taxi-gidariek. Horien esanetan, legeak araututako ratioa ez da betetzen, izan ere, alokatutako gidaridun auto bakoitzeko 30 taxi egon beharko lirateke.
Alderdiek egoera bideratzeko borondate politikorik agertzen ez badute, mobilizazio gehiago iragarriko dituztela esan dute taxilariek.
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa