11:25

Ekonomia

RADIO EUSKADI

Aurrekontuak negoziatzeko 'aukera gutxi' dagoela esan du Egibarrek

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

EH Bildurekin eta Elkarrekin Podemosekin akordiorako aukerak ia baztertuta, buruzagi jeltzaleak onartu du PPk mahai gainean jarritako zerga-erreformaz hitz egin beharko dutela popularrekin.

1:34
  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Eusko Jaurlaritzak 2018rako aurkeztu duen aurrekontu proposamena negoziatzeko "aukera gutxi" dagoela esan du Joseba Egibar EAJren bozeramaileak. Akordiorako dauden aukera eskasak ikusita, onartu du, hori bai, Alderdi Popularrak mahai gainean jarritako zerga-erreforma aztertu egin beharko dutela.

Besteak beste, aurrekontuen negoziazioa izan dute hizpide Radio Euskadin euskal alderdietako legebiltzarkideek.

EH Bildurekin eta Elkarrekin Podemosekin akordiorako aukerak ia baztertuta, Egibarrek esan du nahitaez aztertu beharko dutela zerga-erreforma, PPk mahai gainean "baldintza" hori jarri duelako. Gainerakoan, "negoziaziorako aukerak oso murritzak" direla aitortu du.

Pello Urizar EH Bilduko legebiltzarkideak gogor kritikatu du aurrekontu proposamena, eta EAJk eta PSE-EEk adostutako zerga-erreforma "azalekoa" izan dela adierazi du. "Bazirudien PSE-EEk sozietateen gaineko zergaren jaitsierarik ez zuela inolaz ere onartu behar, baina jakinekoa da lehendakariak zerga hori moldatuko duela, PPren babesa lortzeko", esan du.

Lander Martinez Elkarrekin Podemoseko bozeramailea ere ildo beretik mintzatu da. "Aurrekontu sozialagoak" adosteko borondaterik ez izatea egotzi dio EAJri. Datorren urterako diru-kontuak onartzeko dituen "zailtasunak" ikusita, Jaurlaritzak nora begiratu ondo aztertu beharko lukeela gaineratu du.

Aurrekontuen negoziazioa eta zerga-erreforma ez nahastea eskatu du, berriz, Eneko Andueza PSE-EEko legebiltzarkideak. Horren hitzetan, "kontzeptuak eta edukiak" ez dira nahastu behar.  "Ahalik eta aurrekontu onenak aurrera ateratzeko lanean ari gara. Baldintzak jartzea eta gauzak nahastea ez da egokia", esan du.

Anton Damborenea PPko buruzagiak, bere aldetik, nabarmendu du Eusko Jaurlaritzak "lotu" duela erreforma fiskala aurrekontuekin, ez Alderdi Popularrak.

Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena