Ekonomia
60 tranbia
eitb.eus
Flandrian 2016an izenpetutako kontratuko lehen 48 unitateak egingo ditu Beasaingo enpresak, eta Stockholmen beste 12 tranbia gehiago egingo ditu.
Albisteak (4)
CAFek Flandriako tranbien lehenengo esleipena sinatu du De Lijn Garraio Konpainiarekin. CAFek 146 tranbia egingo ditu, 2016an erabaki bezala, eta esleipen honetan 48 egingo ditu, 100 milioi euroren truke.
Euskal enpresaren tranbiak Anberes, Ekialdeko Flandria eta Mendebaldeko Flandria probintzietan ibiliko dira.
Kontratua luzatu du Suedian
Beasaingo enpresak, bestalde, Stockholmeko garraio-sarea beste 12 tranbiaz hornitzeko kontratua sinatu du SL AB (Storstockholms Lokaltrafik) garraio enpresarekin. Horrekin, 42ra igo da azken urteetan CAFek Suediako hiribururako egindako unitate kopurua.
Suediako garraio konpainiarekin sinatutako lehenengo kontratua 2010ean izenpetu zuen CAFek, 15 unitate egiteko, eta 121 tranbia gehiago erosteko aukera aurreikusten zuen hitzarmenak. Kontratua bi aldiz handitu dute: 7 tranbia gehiago egiteko, lehenengo, eta beste 8 unitate egiteko, gero.
Handitze horrek 37 milioi euro gehiago bideratzea eragingo du, eta tranbiak 2019. urtearen bukaeran ematen hastea aurreikusi dute.
12 tranbietako bik 4 modulu izango dituzte, eta gainerako hamarrek, 3 modulu. Lidingöbanan eta Tvärbanan lineetan ibiliko dira, eta, CAFen arabera, "ingurumen-estandar aurreratuenen arabera diseinatuta daude".
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa