Itxi

Ekonomia

ELA, LAB eta Steilas

Abenduaren 12rako greba deitu dute hezkuntza ez unibertsitarioan

Agentziak | Erredakzioa

“Azken urteetan Eusko Jaurlaritza inposatzen ari den murrizketa eta hezkuntza politika errotik aldatzeko” eskatu dute ELA, LAB eta Steilas sindikatuek.

  • ELA, LAB eta Steilas sindikatuetako ordezkariak, mobilizazio egutegiaren aurkezpenean. Argazkia: EFE

    ELA, LAB eta Steilas sindikatuetako ordezkariak, mobilizazio egutegiaren aurkezpenean. Argazkia: EFE

“Azken urteetan Eusko Jaurlaritza inposatzen ari den murrizketa eta hezkuntza politika errotik aldatzeko” eskatu dute ELA, LAB eta Steilas sindikatuek. Horregatik, mobilizazio egutegi zabala iragarri dute hezkuntza ez unibertsitarioan, abenduaren 12rako greba bat barne. Sektore guztiak, irakasleak, hezkuntza berezia, garbiketa , jantokiak eta haurreskolak mobilizaziora deitu dituzte.

“Orain arte, Eusko Jaurlaritzak ez du negoziatzeko borondatea azaldu gure proposamenen eta aldarrikapenen aurrean. Horregatik, beste aukerarik ez digu utzi, greba eta mobilizazio dinamika mantendu”, azaldu du Maider Izagirre LAB sindikatuko ordezkariak prentsaurrekoan.

Iraila: elkarretaratzeak, Worl-Cafe eta “ekintza bereziak”

Hiru sindikatuek elkarretaratzeak egingo dituzte irailean, Hezkuntza Saileko lurralde ordezkaritzetan eta hezkuntza zentroetan.

Irailaren 20an World-Cafe bat egingo dute Gasteizko Andre Maria Zuriaren plazan, herritarrekin hezkuntza publikoaren beharrizanen eta egoeraren inguruan eztabaidatzeko.

Irailaren 28an “ekintza bereziak” egingo dituzte zentroetan, “sektore ezberdinetako langileek, ikasleek eta familiek bizi duten egoera salatzeko”, Izagirrek azpimarratu duenez.

Itxialdiak eta manifestazioak urrian

Bestalde, lurralde bakoitzeko zentroetan itxialdiak egingo dituzte urrian, baita batzarrak, mahai-inguruak, hitzaldiak, kontzertuak, antzezpen dramatikoak eta poesia eta irakurketa emanaldiak ere.

Era berean, urriaren 28rako manifestazioak deituko dituzte Gasteizen, Donostian eta Bilbon.

“Borroka asteak” azaroan

Hezkuntza sektore bakoitzean “borroka asteak” egingo dituzte azaroan, “kolektibo bakoitzaren aldarrikapenak eta egoera sozializatzeko, sektore bakoitzeko greba ostegunero deituz”.

Azkenik, sektore guztiek greba deituko dute abenduaren 12rako.