19:18

Ekonomia

Ezkerraldea

Sinatu dute hegoaldeko tren saihesbidea egiteko hitzarmena

agentziak | erredakzioa

Euskal Kupoaren bitartez finantzatuko dute prozesu guztia, azterketetatik, lanen kudeaketa eta desjabetzeetara. 'Euskal Y' Nafarroarekin lotzeko bi aukeretatik onena zein den aztertzen jarraituko dute

  • Argazkia: EiTB

    Argazkia: EiTB

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Soraya Saenz de Santamaria Espainiako Gobernuaren presidenteordea izan da Jaurlaritzako ordezkariekin batera Ezkerraldeko hegoaldeko tren saihesbidea egiteko hitzarmenaren sinaduran. Lanak 2020ean hasiko dira eta 550 milioi euro inguru inbertituko dituzte.

Cristobal Montoro Ogasun ministroak, Iñigo de la Serna Sustapenekoak eta Arantxa Tapia eta Pedro Aspiazu Azpiegitura eta Ogasun sailburuek sinatu dute hitzarmena.

Gaurko sinadurarekin, Sustapen Ministerioak eta Jaurlaritzak martxoan izenpetu zuten protokoloa bete dute. Akordioa dagoeneko onartua dute Ministroen Kontseiluak eta Eusko Jaurlaritzak. Gainera, Eusko Legebiltzarraren oniritzia jaso zuen duela egun batzuk.

Euskal Kupoaren bitartez finantzatuko dute prozesu guztia, azterketetatik, lanen kudeaketa eta desjabetzeetara.

Tapiaren esanetan, "bi albiste on" ekarri ditu sinadurak: alde batetik, Ezkerraldeko herritarren bizi kalitatea "nabarmen" hobetuko da, merkantzia trafikorik gabe geratuko direlako, eta bestetik, portuaren lehiakortasuna handitu egingo da.

Aurrekontuko 549 milioi euroetatik 464 milioi bi zatitan inbertituko dituzte: Serantes-Olabeaga tunelean eta Barakaldo-Basauri tartean. Biak Eusko Jaurlaritzak eramango ditu aurrera.

Nafarroa 'Euskal Y'rekin lotzeko bi aukera

Espainiako Gobernuak, Nafarroakoak eta Jaurlaritzak aztertzen jarraituko dute Nafarroa 'Euskal Y'rekin nola lotu, bi aukera baitituzte: Iruñea eta Gasteiz zuzenean lotzea edo Ezkiotik bideratzea, askoz garestiagoa.

Hain zuzen ere, Gipuzkoatik egiteko 1.670 milioi euroko kostua izango luke, BEZ gabe, Aralar mendizerra saihestu beharko lukeelako.

Beste aukera, zuzenean Arabako hiriburura doana, merkeagoa izango litzateke, 720 milioi euro inguru hain zuzen ere.

Sustapen ministroak esan du 2017ko amaiera arte ez direla loturaren lanak hasiko, orduan jakingo baitu Espainiako Gobernuak mahai gainean dauden bi proiektuen bideragarritasuna zein den.

Izan ere, De la Serna ministroak esan du bileraren "helburua akordio batera iristea" bazen ere, bi aukerak "bizirik" uztea erabaki dutela, bien bideragarritasun txostenak egiteko eta onena zein den ikusteko.

Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena