17:20

Ekonomia

Enplegu publikoa

3.335 lanpostuko deialdi publikoa egingo du Osakidetzak aurten

Agentziak | Erredakzioa

Lan-eskaintza publikoa aurten egingo da eta 900 plaza baino gehiago erizainei zuzenduta egongo dira.

1:23
  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

3.335 plazako lan-eskaintza publikorako deialdia egingo du aurten Osakidetzak. Hala adostu duten Satsek, UGTk eta Medikuen Sindikatuak; ELA, LAB eta CCOO sindikatuek, berriz, ez dute ituna sinatu, nahikoa ez duela iritzita.

Osasun Sailak baieztatu duenez, deialdi publikoa aurten egingo da. 3.033 plaza eskainiko dituzte, 21 kategoria profesionaletarako; 302 lanpostu, berriz, barne promoziorako izango dira.

Horrez gain, azterketak nolakoa izan behar duen, noiz egin behar den eta prozedura guztia azkartzeko jarraibideak negoziatzeko aukera eskaini die Osakidetzak sindikatuei.

Plazen % 90a lekualdatzeetara zuzenduta egongo dira eta Osakidetzak konpromisoa hartu du datorren urtetik aurrera lantokiz aldatzeko lehiaketa sistema "berri eta iraunkor bat" ezartzeko.

Osakidetzaren Administrazio Kontseiluak datorren astean berretsiko du akordioa eta orduan abiaraziko dituzte 2016-2017ko lan-eskaintza publikoa deitzeko izapideak.

Osasun Saila eta Osakidetza pozik agertu dira, akordioa sinatu duten sindikatuen "jarrera eraikitzailea" txalotu dute eta  gainerako sindikatuek datozen egunetan itunarekin bat egitea ez dute baztertzen.

Satse sindikatuak azpimarratu duenez, "plaza huts guztiak beteko dira eta langileen % 5 soilik egongo dira behin-behineko kontratuekin".

3.335 lanpostuetatik 900 baino gehiago erizainei zuzenduta egongo direla erantsi du Satsek.

Aurre-akordioa baztertu dute ELAk, LABek eta CCOOk

ELAk ohartarazi du lan-eskaintza publiko honekin behin-behinekotasun tasa % 35etik gora egongo dela eta tasa hori hiru urte barru % 8tik behera egotea exjitu dio Osakidetzari. Horretarako, 10.000 lanpostu egonkortu beharko lituzkete.

Alabaina, Osakidetzak horrelakorik negoziatu nahi ez duela deitoratu du eta gogora ekarri du, Europako auzitegien ebazpenak aintzat hartuta, osasun zerbitzu publikoan egindako "kontratazio gehienak iruzurrezkoak" direla, erregularizazio prozesu bat ireki ez zelako.

LABen iritziz, lan-eskaintza publikoa "aurrerapausoa" da, "baina ez da nahikoa".

Sindikatu abertzaleak uste du plaza gehiago atera behar direla eta Osakidetzak konpromiso zehatzak hartu behar dituela langile kopuruari eta epeei dagokionean.

Era berean, Osakidetzak Urdulizeko ospitaleko zerbitzuak pribatizatzeko aukerari eusten diola kritikatu du.

CCOOk zehaztu du "kopuruarekin ez ezik, eskaintza guztiarekin" ez datorrela bat.

"Kategoria guztietan lan-eskaintza publiko bat deitzeak ez du ezertarako balio, aurretik zerbitzuak pribatizatzeari uko egiten ez bazaio", nabarmendu du.

 

Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena