Ekonomia
Irregulartasunak
Agentziak | Erredakzioa
Lehiaren Euskal Agintaritzaren arabera, 2010 eta 2014 urteen artean, Bilboko Udalak 21 kontratu eman zizkion Metropoli Fundazioari inolako lehiaketa publikorik egin gabe.
Bilboko udaletxea.
Lehiaren Euskal Agintaritzak egindako txosten batek dio Bilboko Udalak 1,4 milioi euro eman zizkiola Metropoli Fundazioari 2010 eta 2014 urteen artean, inolako lehiaketa publikorik egin gabe 21 kontratu esleituta.
EH Bilduk egindako salaketa baten ondotik abiatu zuen ikerketa Lehiaren Agintaritzak, eta Aitziber Ibaibarriaga zinegotziak iragarri duenez, koalizio soberanistak Juan Mari Aburto (EAJ) alkatearen agerraldia eskatuko du, "eskandalu politiko honen inguruko azalpenak eman ditzan".
Lehiaren Agintaritzak egindako ikerketaren arabera, Bilboko Udalak Metropoli Fundazioarekin zuen loturak "lehia mugatu du eta erakunde horri kontratuak lortzeko abantaila ematen zion" eta "ez dago horretarako justifikaziorik".
Ibaibarriagak azaldu du Metropoli Fundazioak "Iñaki Urdangarinen Noos Institutuarekin lotura formalak" zituela eta salatu du kasu honetan Bilboko Udala "Estatuan PPko alkate askok jardun ohi duten atzera" aritu dela.
EH Bilduk 2014an salatu zuen Udalak 664.000 kontratu bat "atzamarrez" esleitu ziola Metropoli Fundazioari, "inolako justifikaziorik gabe eta sektore publikoko kontratazioen legea urratuta".
"Udalak orduan dena ukatu zuen, espedientea ezin hobea zela eta berme juridiko guztiak zituela esanda. Orain agerian geratu dira orduan esan zituzten gezurrak eta txosten honek EH Bilduren tesia berresten du", azpimarratu du Ibaibarriagak.
Hautetsi soberanistak zehaztu du EH Bilduren salaketak 664.000 euroko irregulartasuna aipatzen zuela, baina Lehiaren Agintaritzak zenbateko hori 1.475.000 eurorainokoa dela egiaztatu duela. "Harrituta geratu gara", gaineratu du.
Horrez gain, Lehiaren Agintaritzak dio Bilboko Udalak gaizki jokatu zuela Metropoli Fundazioarengana jota, irabazi asmorik gabeko erakundea delako.
Legearen arabera, irabazi asmorik gabeko erakundeek ezin dituzte bere diru-sarreren % 30 baino gehiago merkataritza jardueretara bideratu. Alabaina, Metropoli Fundazioak portzentaje hori gainditu egin zuen 2010 eta 2013 urteen artean. 2012an, adibidez, bere irabazien % 94 merkataritza jardueren ondorio izan zen.
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa