Ekonomia
Manifestazioak
Agentziak | Erredakzioa
ELA, LAB eta Steilas sindikatuek deitutako manifestazioak hartu dituzte EAEko hiru hiriburuek, Hezkuntza Sailari 'murrizketak' egiteari utzi diezaiola eskatzeko asmoz.
Unibertsitatez kanpoko hezkuntza publikoko milaka langile, guraso eta ikasle EAEko hiru hiriburuetan manifestatu dira larunbat honetan, ELA, LAB eta Steilas sindikatuek deituta, Hezkuntza Sailari "murrizketak" egiteari utz diezaiola eskatzeko, hezkuntzaren kalitatean "eragiten baitute zuzenean".
Bilboko manifestazioan, Steilas sindikatuko Ana Perezek komunikabideei azaldu dienez, ezegonkortasun-tasa "jasanezina" da, irailero ikastetxeetako langileen erdiak berriak baitira, eta horrek oztopatu egiten du "kalitatezko proiektu bat" garatzea.
"Irakasle bakoitzak duen ikasle kopuruaren ratioa % 10 hazi da 2010etik, eta horrek zailago bihurtzen du bakarkako arreta ematea. Gainera, Hezkuntzara bideratzen den BPGaren ehunekoa % 3,6koa da, 2009an baino txikiagoa (% 4,3), eta Europan dagoen bataz bestekoa baino askoz txikiagoa (% 6)", kritikatu du.
Azpimarratu duenez, EAE atzetik doa hezkuntza arloan, Irlanda eta Errumariaren aurretik soilik. Hortaz, Eusko Jaurlaritzari deia egin dio "ez dezan Europa iparraldera nazioarteko ebaluazioen emaitzak alderatzeko bakarrik begiratu, baita hezkuntzara bideratzen diren inbertsioak ikusteko ere".
Horrez gain, baieztatu duenaren arabera, "ez du balio inbertsioak Espainiako Gobernuak baldintzatzen dituela argudiatzeak". Perezen iritziz, “dirua zor publikoa gutxitzeko erabiltzea erabaki da, eta ez zerbitzu publikoetan".
"Hezkuntza sailak gutxietsi eta mespretxatu egiten gaitu", ondorioztatu du.
Ainhoa Etxaide LAB sindikatuko idazkari nagusiak Bilboko protesta ekitaldian hartu du parte. Sindikatuek hezkuntzan deitutako greba jardunaldiek eta protestek "ez diotela soilik lan gatazka bati erantzuten" azaldu du.
"Gure seme-alaben hezkuntza etorkizuna dago jokoan; hezkuntzan inbertitzea nahi dugu, benetako edukiak dituen negoziazio mahaia eratzeaz gain", esan du Etxaidek. Bestalde, "ikasleei hezteko aukera ez lapurtzea" eskatu dio Eusko Jaurlaritzari. "Dirua badagoen arren, borondate politikoa falta da", azpimarratu du.
Xabier Castellanos ELA sindikatuak Bizkaian duen Hezkuntza arduradunak ere hitz egin du, familiek, irakasleek, sukalde zein garbiketa langileek deitutako manifestazioak murrizketak eta doiketak baztertu nahi dituela gogoratzeko.
Azaldutakoaren arabera, gaur egun hezkuntzan dagoen aurrekontuak 2009an baino 62 milioi euro gutxiago ditu. Hori dela eta, bajak ez dituzte ordezkatzen bost egun pasa arte. Ikasle kopuruak, ordea, gora egin du, 27.000 gehiago baitaude.
Gasteizen ere ehunka pertsona bildu dira, Arabako hiriburuko kaleetan protesta egiteko, aldarrikapen eta jai giroan.
Manifestariek zero eta hiru urte arteko zikloa doakoa izatea ere eskatu dute.
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa