14:41

Ekonomia

Aurrekontuen negoziazioa

Kontuen inguruan PPrekin 'hurbilketa' bat dagoela aitortu du Erkorekak

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

EH Bilduk ez dio bere babesa emango Eusko Jaurlaritzaren aurrekontu proiektuari. Era berean, osoko zuzenketa aurkezten duen pentsatuko duela iragarri du.

1:20
  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak gaur adierazi duenez, oraingoz ez dute inorekin EAEko Aurrekontuei buruzko akordioa lortu, baina PPrekin "gertutasun" bat dagoela eta hurbilketa hori etorkizuneko akordio baten atarikoa izan daitekeela aitortu du.

Eusko Jaurlaritzaren gobernu bileraren osteko agerraldian, 2017ko aurrekontu proiektua onartzeko asmoz abiatutako bilera erronda hizpide izan du. Bigarren bilera erronda gaur arratsaldean amaituko da Pedro Azpiazu sailburuaren eta EH Bilduko ordezkarien arteko batzarrarekin.

Ahalik eta akordio "zabalena eta inklusiboena" lortzeko Eusko Jaurlaritzak egindako "ahalegin ikaragarria" nabarmendu du Erkorekak, eta bigarren bilera sorta amaitutakoan Pedro Azpiazu Ogasun eta Ekonomia sailburuak batzarren inguruko balorazioa egingo duela iragarri du.

Bilera sorta amaitu arte "behin betiko balorazioak" egitea ez duela gustuko azpimarratu du, falta den bilera horretan "elkartze" bat egon daitekeela iritzita. "Ez da aukerarik baztertu behar", gaineratu du.

Nolanahi ere, ez dagoela ezer itxita eta ez duela inorekin akordiorik lortu adierazi du. Erkorekaren esanetan, Eusko Jaurlaritzak ez dio inorekin akordioa lortzeari aterik itxi, baina "errealismoz eta erantzukizunez" jokatzeko eskatu die talde parlamentario guztiei.

Oraingoz akordiorik lortu ez badute ere, Gobernuko ordezkariek eta PPko kideek atzo izandako bilera "ulermen giroan" gauzatu zela azaldu du Erkorekak.

Elkarrekin Podemosek osoko zuzenketa aurkeztuko dio Jaurlaritzaren aurrekontu proiektuari

Elkarrekin Podemosen esanetan, Eusko Jaurlaritzak Aurrekontuak PPrekin adostea erabaki du eta, hori dela eta, osoko zuzenketa aurkeztuko dio Jaurlaritzaren 2017ko aurrekontu proiektuari.

Lander Martinez Elkarrekin Podemosek Eusko Legebiltzarrean duen bozeramaileak azaldu duenez, koalizioak ez du bere burua negoziaziotik kanpo utzi; aitzitik, Eusko Jaurlaritzari egotzi dio balizko adostasunari ateak ixtea.

EH Bilduk ez dio bere babesa emango aurrekontu proiektuari

EAEko Aurrekontuei buruzko akordioa bilatzeko Eusko Jaurlaritzak "Alderdi Popularra bidaide aukeratu" duela esan du astearte honetan Maddalen Iriarte EH Bilduko bozeramaileak. Arrazoi horregatik, EH Bilduk ez diola aurrekontu proiektuari babesik emango jakinarazi du.

Pedro Azpiazu Ogasun eta Ekonomia sailburuarekin bilera egin ostean Iriartek adierazi du Jaurlaritzak erabakita duela PPrekin kontuak negoziatzea. Ildo horretatik, Urkulluren Gobernuak gehiengo sozialari bizkarra eman diola kritikatu du.

Era berean, Jaurlaritzaren erantzuna eskasa izan dela azpimarratu du Iriartek. Jaurlaritzaren eskaintza 25 milioi eurokoa izan da “bakarrik”, hau da, aurrekontuen % 0,2ri dagokiona. EH Bilduren bozeramailearen esanetan, diru hori ez da nahikoa euskal herritarren ongizatea bermatu ahal izateko.

Halaber, aurrekontuei buruzko akordioa bilatzeko orduan “euskal herritarrei bizkarra emanda” Alderdi Popularra aukeratu izana kritikatu du Iriartek. Gauzak horrela, EAEko Aurrekontuei buruzko akordioa negoziatzeko orduan Madrilen "mahai paralelo" bat egon dela uste du EH Bilduko legebiltzarkideak.

Beste alde batetik, Eusko Jaurlaritzak bigarren bilera-errolda amaitutzat eman eta Aurrekontuen proiektua aurkezten duenean bere alderdiak osoko zuzenketa aurkezten duen erabakiko duela iragarri du Iriartek.

EH Bilduk ELAk esandakoari men egin diola salatu du

EAJk deitoratu duenez, EH Bilduk ELAren xantaiari men egin dio eta horregatik erabaki du Euskadiko aurrekontuak ez negoziatzea. "ELAko buruzagiek egindako adierazpenak Ezker Abertzaleari xantaia egiteko baino ez dira", esan du Andoni Ortuzar EBBeko presidenteak.

Ortuzarrek EAJren Facebook orrian adierazitakoaren arabera, EH Bilduk "Euskadiko aurrekontuen politika baldintzatzeko" aukera zuen arren, Txiki Muñozek interesei jaramon egin die". "Nahiago dute funtsik gabeko hitzei kasu egin, krisi ekonomikoa gainditu eta Herrialdea eraiki baino", gaitzetsi du Ortuzarrek.

du Ortuzarrek.

Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena