Ekonomia
2017ko Aurrekontuak
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
EH Bilduk eta Podemosek gastu soziala berrantolatzea eskatu dute, eta PPk inbertsioak lehenetsi nahi ditu.
Eusko Jaurlaritzak 11.000 euro pasatxoko aurrekontu proiektua aurkeztu zuen atzo. Argazkia: EFE
EAJk "ardura eta errealismoa" eskatu die oposizioko gainerako alderdiei 2017ko Aurrekontuak ahalik eta babes politiko handienarekin onartzeko. "Gizartea bere irabazien zati bat gehien behar dutenei bideratzeko egiten ari den ahaleginak maila bereko erantzuna behar du esparru politikoan", azpimarratu du.
Josune Gorospe EAJko legebiltzarkideak ohar bidez jakinarazi duenez, jeltzaleak buru-belarri arituko dira Jaurlaritzak aurkeztutako aurrekontu proiektuak Eusko Legebiltzarraren ahalik eta babes handiena izan dezan.
EH Bilduk aurrekontu proiektuari buruzko negoziazio "zintzoa" abiatzeko eskua luzatu dio EAJri. Gizarte eta ekonomia gaietan hitz egiteko prest agertu da, balizko abstentzioa negoziatzeko.
Iker Casanova legebiltzarkideak aurrekontu proiektuaren lehen balorazioa egin du Eusko Legebiltzarreko prentsa aretoan. "Zaila da gu Aurrekontu horiekin maitemintzea; ez dira gure Aurrekontuak, baina horiek onartzea ahalbidetu genezake egungo proiektua hobetuko luketen aldaketa batzuk adostuz gero", azaldu du.
Lander Martinez Elkarrekin Podemosek Eusko Legebiltzarrean duen bozeramaileak, berriz, bere koalizioak adostasunerako borondatea duela ziurtatu du. Hala ere, koalizio moreak aurrekontu proiektuari aldeko botoa emateko hainbat "traba" daudela onartu du, esaterako, Diru Sarrerak Bermatzeko Errenta KPIaren arabera gaurkotzea. Gainera, zerga erreforma egitea aldarrikatu du euskal erakundeek diru gehiago bildu ahal izateko.
Jose Antonio Pastor PSE-EEko bozeramaileak "errealistak" izateko, "herrialdean pentsatzeko" eta Aurrekontuak onartzeko adostasunak bilatzeko eskatu die oposizioko gainerako alderdiei. Pastorren esanetan, sozialistei ere baliabide gehiagoko Aurrekontuak izatea gustatuko litzaieke, baina aurtengo aurrekontu proiektuak ez duela eskubide sozialei dagokienez atzerapauso bakar bat ere eman azpimarratu du.
Euskadiko popularren esanetan, aurtengo Aurrekontuak "kontinuistak, baina errealistagoak dira", eta Kontuak onartzeko eskua luzatu dio Euskadiko PPk EAJri. Anton Damborenea Ekonomia gaietarako PPren bozeramailearen esanetan, EAEko Aurrekontuei buruzko negoziazioa ez dago Espainiakoei lotuta eta orain EAJ-PSE gobernu koalizioari dagokio bazkidea aukeratzea.
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa