15:08

Ekonomia

Bergarako epaitegia

Fagor eta Edesako ekarpenen aurretiazko entzunaldia, apirilaren 11n

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Gaurko saioan ez da akordiorik izan eta apirilaren 11n zehaztuko dute epaiketaren eguna. Ia 1.000 kooperatibista eta bazkide ohik Mondragon Korporazioaren aurka jo dute.

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Bergarako epaitegian gaur hasi da Fagor Etxetresnak eta Edesa kooperatibetako ekarpenen inguruko auzibidea eta, aldeen arteko akordiorik izan ez denez, aurretiazko entzunaldiak apirilaren 11n izango du jarraipena.

Kaltetuek Fagor Etxetresnak eta Edesa kooperatibetan dirua jarri zuten borondatezko ekarpen, merkataritzako mailegu edota mailegua berezien bitartez, eta Mondragon Korporazioak engainatu egin zituela iritzita, epaitegietara jo dute. Guztira, 48 milioi eurotik gora itzultzea eskatzen dute.

Mikel Olabe Ordaindu plataformako bozeramaileak azaldu duenez, epaileak euren frogak oinarritzeko datu gehiago eskatu dizkie kaltetuei eta, beraz, aurretiazko entzunaldia apirilaren 11ra atzeratu da. Olaberen esanetan, defentsa abokatuak gustura atera dira gaur Bergarako epaitegian egin den saiotik eta datorren apirilaren 11an epaiketako data zehaztuko dela espero dute. Aurreikuspenen arabera, abenduan edota datorren urteko urtarrilean egingo da.

Ordaindu eta Eskuratu plataformetako kaltetuek demanda kolektiboa aurkeztu zuten 2015eko abenduan eta dirua itzultzeko eskatu zioten Mondragon Korporazioari, Fagor Etxetresnak eta Edesa kooperatibek hondoa jo aurretik taldeko kideek izandako jokabideak beren interesak kaltetu zituela iritzita.

Auzi-eskearen arabera, Mondragon Korporazioko taldeko kideek dirua ez ateratzeko esan zieten Ordainduko eta Eskuratuko kaltetuei. Ez hori bakarrik, Fagor Etxetresnaken eta Edesaren egoera ekonomikoa ez zela "negatiboa" eta biek ala biek "etorkizun ziurra" zutela jakinarazi omen zieten. Hori dela eta, dirua kooperatibetan mantentzea erabaki omen zuten.

Horrenbestez, auziari irtenbidea aurkitzeko eskatzen diete kaltetuek Mondragoni. Korporazioak dio, berriz, ez dela erantzule eta kooperatiba bakoitza zela bere erabakien jabe. Kaltetu bakoitzak batez beste 50.000 euro galdu zituen.

 

Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena