Ekonomia
Irungo bidesaria
Agentziak | Erredakzioa
Irundik pasa ondoren Etzegarateraino iristen diren kamioilariek hamar euro ordaindu behar izango dituzte. Sistema horren helburu nagusia Gipuzkoako errepideen oreka eta mantenua bermatzea da.
2018an jarriko dute martxan N-1eko bidesaria kamioientzat. Argazkia: EiTB
2018ko urtarriletik aurrera, martxan jarriko dute N-1eko bidesaria kamioientzat eta, Irundik pasa ondoren Etzegarateraino iristen diren kamioilariek gehienez hamar euro ordaindu behar izango dituzte. Astelehen honetan, irailak 26, sistema hori arautzeko tramiteak hasi ditu Gipuzkoako Foru Aldundiak.
Aintzane Oiarbide Gipuzkoako Foru Aldundiko Bide Azpiegituretako diputatuak N-1 bidesariaren nondik norakoak azaldu ditu Gipuzkoako Batzar Nagusian. Bere esanetan, sistema horren helburu nagusia Gipuzkoako errepideen oreka eta mantenua bermatzea da.
Oiarbideren iritziz, sistema hori arautzen duen testua urtea bukatu aurretik onartuko du Batzar Nagusiak. Izan ere, EAJk eta PSE-EEk (foru gobernua osatzen duten bi alderdiek) gehiengo osoa dute.
Bide Azpiegituretako diputatuak gogoratu duenez, Gipuzkoa egunero zeharkatzen duten kamioilarien % 60 atzerritarrak dira. Alde horretatik, kanpoko kamioilariek ibilbide osoa egiteagatik ordainduko dutela nabarmendu du Oiarbidek, “justua izan dadin”. Modu horretan, errepidearen mantenua ordaintzen lagunduko dutela esan du foru diputatuak.
Ordainsari sistema berria Gipuzkoako hiru puntutan jarriko da: Etzegaraten, Andoainen eta Irunen. Horrela bada, Irundik pasa ondoren Etzegarateraino iristen denak hamar euro ordaindu behar izango ditu, bi arkutatik pasatzen denak hiru euro eta erdi, eta bakar bat zeharkatzen duen kamioilariak euroa baino gutxiago ordaindu beharko du.
Sistema berri horrek sei arku metaliko izango ditu hiru puntu desberdinetan: Etzegaraten, Andoainen eta Irunen (norabide bakoitzean bana).
Oiarbideren arabera, kanpoko kamioilariek ibilbide osoa ordaintzea bermatzen du azpiegitura horrek, eta, sistema horri esker, Gipuzkoako errepideen mantenua ordaintzeko bideratzen diren hiru milioi euro horiek beste arlo batzuetara bideratu ahal izango dira.
Bide Azpiegituretako diputatuak azaldu duenez, 3,5 milioi tona baino gehiago pisatzen duten ibilgailu guztiek ordaindu behar izango dute sistema hori. Neurri horrek, gainera, Gipuzkoako errepideetan ibilgailuen kopurua orekatzeko balio izango duela aurreikusi du Oiarbidek, bere ustez, ibilgailu askok AP-8 eta AP-1 errepideetatik ibiliko baitira.
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa