Ekonomia
ANOETA BERRIA
Kutxabank Anoeta berriaren finantziazioan parte hartzeko prest dago
EITB.EUS
Realarekin eta erakunde ezberdinekin hitz egiten ari dira eta, gai honetan ere, futbol taldearen ondoan egongo direla esan dute bankutik.
Markel Olano, Gipuzkoako Ahaldun Nagusiak, eta Eneko Goia, Donostiako Alkateak bart Kutxabanki bere hitza betetzeko eskatu eta gero, gaur bertan erantzun dute finantza erakundetik. Bankuaren arabera, gaur egun ez da existitzen proiektu honi 10 milioi euro emateko konpromiso ofizialik. Hala ere, orain arte egin duten bezalaxe, Realaren ondoan egongo direla azpimarratu nahi izan dute.
Balizko ekarpen ekonomikoagatik galdetuta, bankuak erabilgarri izango lukeen aurrekontuaren araberakoa izan beharko litzatekeela esan dute.
Bitartean, estadioa eta estadio txikia berriztatzeko pausuak ematen ari dira. Egindako auditoria baten arabera, Anoeta berriak 43 milioi euroko kostua izango luke.
Obrak finantzatzeko Eusko Jaurlaritzak 10 milioi euro konprometitu ditu, Gipuzkoako Foru Aldundiak beste 4 milioi euro, eta Realak 36 milioi euroraino emango dituela esan du.
Anoeta berriaren proiektuan, atletismo pistak kentzea, eta harmailetan 11.000 eserleku gehiago (42.000 eserleku denetara) jartzea aurreikusten da.
Anoeta berriaren lanak urte amaieran edo hurrengoaren hasieran hasteko asmoa daukate.