12:19

Ekonomia

Confebasken inkesta

2016an 10.600 lanpostu berri sortuko dituzte EAEko enpresaburuek

EITB.EUS

Ikasketadun langileak beharko dituzte batez ere. Enpresaburuen % 44ren arabera, formazio falta da kontratazioak egiteko oztopo nagusia.

  • Larrañaga eta lehendakaria, inkestaren berri emanez. Argazkia: @Confebask

    Larrañaga eta lehendakaria, inkestaren berri emanez. Argazkia: @Confebask

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

2016an 25.100 lanpostu betetzeko beharra izango dute Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) enpresek, eta horietako 10.600 lanpostu berriak izango dira, Confebaskek euskal enpresen artean egindako inkestaren arabera.

Roberto Larrañaga EAEko patronalaren presidenteak eman du ikerketaren berri, Lehendakaritzan Iñigo Urkullurekin eta Arantxa Tapia, Cristina Uriarte eta Angel Toña sailburuekin bilduta egon ostean. Iñaki Garcinuño eta Pascal Gomez CEBEK eta SEA enpresaburuen elkarteetako presidenteak eta Koldo Arandia ADEGIko presidenteordea ere izan dira batzarrean.

Bileraren ondotik, 25.100 postu horiek betetzeko konpromisoa hartu dute Confebaskek eta Jaurlaritzak. EAEko enpresaburuen artean egindako inkestaren arabera, 10.600 lanpostu berri izango dira, "jardueraren igoera eta negozio lerro berriak" tarteko. Gainerako lanpostuak behin-behineko kontratatuak eta bajak, erretiroa eta oporrak betetzeko sortutakoak izango dira.

Hiru enpresetatik bik kontraturen bat egiteko asmoa dutela esan dute, batez ere zerbitzuen eta industria sektoreetan. Eraikuntza sektorean, berriz, behera egingo du kontratazioak.

Inkestak azalarazi duenez, enpresa gehienek (% 97) ikasketak dituzten langileak behar dituzte. Enpresen ia erdiak (% 46’8) Lanbide Heziketan erdi eta goi mailako ikasketak dituzten langileak behar dituzte, mekanika eta industriaren beste alor batzuetan ibilitakoak bereziki. Enpresen % 30k unibertsitate mailako tituluak eta graduondokoak dituzten beharginak nahi ditu. Ingeniariak (10 lizentziatuetatik lau) eta Administrazio eta Enpresa Zuzendaritzan lizentziadunak dira lan egiteko errazen dutenak.

Hain justu, formazio falta da, enpresaburuen iritzian, kontratatuak egiteko oztopo nagusia. Horien % 44ren aburuz, soldata kontuak barik, langileen prestakuntza eta jarrera falta da eragozpen handiena.

Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena