Ekonomia
Elkarretaratzea
Agentziak | Erredakzioa
ACBko 200 bat beharginek elkarretaratzea egin dute Eusko Jaurlaritzaren egoitzaren aurrean, Bilbon, lantegiaren lanpostuak defendatzeko.
Albisteak (3)
Eusko Jaurlaritzarekin eta Arcelor Mittal konpainiako zuzendaritzarekin biltzea eskatu du gaur Juan Carlos Diaz ACBko enpresa-batzordearen presidenteak, lantegiaren etorkizunaz eztabaidatzeko. Diazen ahotan, Sestaoko (Bizkaia) fabrikak “etorkizuna du”.
ACBko 200 bat beharginek elkarretaratzea egin dute Eusko Jaurlaritzaren egoitzaren aurrean, Bilbon, lantegiaren lanpostuak defendatzeko. “Lanpostuak mantentzearen alde” lelopean Bilboko Kale Nagusia minutu batzuk itxi dute.
Labeak geldirik, mantentze-lanak, ekoitzitako bobinak kamioietan kargatzen eta desugertzeko lineak daude lanean, baina egun batzuk bakarrik emango dituzte horretan.
Gaur, langileen % 80 ez daude lanean, eta desugertua bukatzen denean lantegia guztiz geldituta egongo da.
Elkarretaratzean, Jaurlaritzari bilera bat eskatu dio enpresa-batzordeko presidenteak, altzairu-fabrikaren etorkizunaz hitz egiteko. Diazek gogorarazi duenez, lantegiak argindarrarekin funtzionatzen du, eta, “ondorioz, atmosferara oso CO2 gutxi isurtzen du”.
ACBren irtenbidea ez da soilik diru publikoaren eskutik etorriko, Iñigo Urkullu lehendakariak adierazi duenez, eta “ekimen pribatuaren parte-hartzea beharrezkoa da”, gaineratu du.
Tapiarekin bilera
Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburua siderurgia sektoreko enpresa eta sindikatuekin bilduko da arratsaldean, Bilbon, Txinako altzairuaren lehiakortasunaren aurrean sektoreak bizi duen egoera aztertzeko. Diazen esanetan, enpresa-batzordea ez dute bilerara gonbidatu.
ELA sindikatua ez da bilerara joango. Bilerara deitu dituzten enpresek “ez dute konpromisorik herri honekin, industriarekin eta langileekin”, salatu du ELAk agiri batean. Bilera “sektorean lanpostu kopurua ikaragarri murrizteko haztegia bihurtu nahi dute”, ohartarazi du sindikatu abertzaleak.
Besteak beste, Arcelor, Gerdau eta Nervacero deitu dituzte bilerara.
Konpainiako zuzendaritzarekin beste bilera bat eskatu du Diazek. Batzordearekin asteazkenean bildu behar zirela ziurtatu zuten zuzendaritzako iturriek, baina deialdirik jaso ez dutela zehaztu du gaur enpresa-batzordeko presidenteak.
Bruselara bi bidaia
Bestalde, langileek batzar orokorra egingo dute astearte honetan, hartu beharreko neurriak zehazteko. Besteak beste, Txinako altzairuaren dumpingaren kontrako neurriak babesteko, Bruselara bi bidaia egingo dituzte beharginek.
Ivan Calvo azpikontratetako langileen ordezkariak salatu duenez, “ez dakigu zer gertatuko den gurekin. Arcelorrek ez digu ezer esan”. 250 beharginek baino gehiagok egiten dute lan enpresa horietan.
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa