15:30

Ekonomia

ACB-ren behin-behineko itxiera

Manifestazio jendetsua Sestaon, Arcelorreko enpleguaren defentsan

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

'Aldizka' bada ere, 'funtzionatzen jarraitzea' eskatu dio enpresa batzordeak zuzendaritzari, beste lantegietan egin ezin izango diren tonak 'batuz'.

0:35
  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Manifestazio jendetsua egin dute gaur eguerdian Sestaon, enpleguaren defentsan eta Arcelor Mittal enpresak Sestaon duen lantegiko eta horrentzat lan egiten duten kontratetako eta enpresetako lanpostuak mantentzearen alde.

Arcelor Mittalen ACB altzairutegiko enpresa batzordeak deitu du gaurko manifestazioa, zuzendaritzak Sestaoko lantegia aldi baterako ixteko erabakia iragarri ondoren.

Manifestazioa eguerdian abiatu da Kasko plazatik "Enpleguaren defentsan" lelopean, eta langileek sestaoarren, eskualdeko herritarren eta sindikatu zein alderdi politikoetako ordezkarien babesa izan dute.

Ezkerraldeko eta Meatzaldeko hainbat alkatek eta zinegotzik parte hartu dute manifestazioan. Halaber, bertan izan dira Itxaso Atutxa EAJren BBBko presidentea eta Iker Casanova EH Bilduko legebiltzarkidea.

Sestaoko kaleak zeharkatu ondoren, Kasko plazan amaitu da manifestazioa. Bidean, "ACB ez itxi" eta "langabeziaren aurka langileen borroka" bezalako leloak oihukatu dituzte parte-hartzaileek.

Juan Carlos Diaz ACBko enpresa batzordeko presidenteak azaldu duenez, "aldizka" bada ere, "funtzionatzen jarraitzea" proposatu dio enpresa batzordeak zuzendaritzari Foseko, Frantziako eta Asturiasko lantegietan ekoiztu ezin izango diren tonak "batuz".

Zuzendaritza aipaturiko proposamena aztertzen ari da. Diazen esanetan, proposamena gauzatuz gero ACBk "ez lituzke bezeroak galduko", egungo enplegua bermatuko litzateke eta ekoizpenaren geldialdi "luzea" saihestuko litzateke.

Bestalde, Ivan Calvo Arcelor Mittaleko kontraten bokalak "mahai" bat eskatu du kontratetako 200 langile inguruk "beren ahotsa izateko eta elkarrizketarako" aukera izan dezaten. Gainera, "jarduera mantentzeko" Arcelorrek hartutako konpromisoa betearazteko eskatu diote agintariei.

Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena