23:21

Ekonomia

Elkarrizketa, ETB-n

2016ko Aurrekontuek 'gastu handiagoa' izango dutela esan du Urkulluk

eitb.eus

Jaurlaritzak Aurrekontu proiektua urriaren 27an onartuko duela aurreratu du lehendakariak.

1:28
  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Iñigo Urkullu lehendakariak adierazi duenez, 2016ko Aurrekontuek aurtengoek baino "gastu handiagoa" izango dute, eta, gainera, Sail bakoitzera bideratutako dirua ez da izango 2015ekoa "baino txikiagoa".

Bestalde, Jaurlaritzak Aurrekontu proiektua urriaren 27an onartuko duela aurreratu du agintariak.

Gasteizko gobernuburua "Minuto a Minuto" ETB-2ko saioan izan da asteazken gauean. Bertan, hainbat gai izan ditu hizpide, hala nola hurrengo urteko aurrekontuak. Izan ere, aurten foru ogasunek espero baino gutxiago bilduko dutela jakin da arratsaldean.

Horren ildotik, Eusko Jaurlaritzak gastuak diru-sarreren arabera moldatu beharko dituela azaldu du Urkulluk. "Diru-sarrerak txikiagoak izan badira, gastuak ere moldatu beharko ditugu", ohartarazi du.

"Gobernuaren finantzak etxeko ekonomiaren antzekoa dira; ezin dugu gastatu duguna baino gehiago, eta, edozelan ere, ezin gara zorpetu zorpetze mugatik gora", gaineratu du.

Hala eta guztiz ere, 2016ra begira, Jaurlaritzak aurtengoa baino Aurrekontu "handiagoa" aurkeztea espero duela esan du. Era berean, sail guztiek gutxienez aurtengo aurrekontua edukiko dutela zehaztu du.

Bizikidetza eta Quirogaren dimisioa

Bestalde, Urkulluk uste du "oinarriak" daudela bizikidetzan aurrera egiteko, Arantza Quiroga EAEko PPko presidente ohiak alderdi guztiak biltzeko proposamena kendu izana "atzerapausoa" izan bada ere.

Halaber, talde politikoek "zoru etikoaren inguruko oinarrizko printzipioekin konpromisoa" agertzeko unea dela adierazi du.

Horren esanetan, Quirogak erabilitako hitzak (ETA "gaitzestea" baino gehiago, "errefusatzea" eskatu zuen) aldez aurretik Alfonso Alonso eta Javier Maroto Gasteizko alkate ohiek ere erabili izan dituztela gogorarazi du. "Hau da, PP Quirogak proposatu nahi zituen hitz horien alde agertu izan da".

Kontzertua

Kontzertu Ekonomikoari eta Kupoari dagokienez, horiek autogobernu ekonomikoaren "ardatzak" direla berretsi du Urkulluk. "Eta hori ukitzea, marra gorria da niretzat".

"Kontzertua Euskadiren eta Estatuaren arteko itun aldebikoa da; legea da, Espainiako Konstituzioaren eta Estatutuaren parte da, eta sistema solidarioa da", azpimarratu du. Hala ere, Urkulluk aitortu du ez dagoela "batere lasai": "gaur bertan Asturiasko Gobernuak Kontzertuaren eta Kupoaren aurkako adierazpena egin du".

Horregatik, lehendakaria ez da fio: "ez dut oinarririk Moncloarekin edo PSOErekin fidatzeko".

Ajuria Enea

Egunkari batek publikatutakoaren arabera, lehendakariak Ajuria Enea utziko du eta Durangon duen etxera itzuliko da. Horren aurrean, Urkulluk baieztatu egin du Ajuria Eneak "lehendakariaren bizitoki ofiziala eta lantokia" izaten jarraituko duela.

Dena dela, senideekin egoteko xedez, Durangora ere joango dela erantsi du. "Baina horrek ez du esan nahi Gasteiztik joango naizenik", zehaztu du.

 

 

Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena