17:30

Ekonomia

Aurrekontu Orokorrak

Espainiako aurrekontuek ez dutela defizita beteko dio berriro Europak

Agentziak | Erredakzioa

De Guindosen esanetan Espainiak "beti betetzen" du betebeharrekin. Espainiak % 3,3 hazkunde-tasa izatea aurreikusten du 2015erako; Bruselak, berriz, % 3,1ekoa izango dela uste du.

1:24
  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Europako Batzordeak gaur baieztatu duenez, arriskua ikusten du Espainiak ez dituela beteko 2015 eta 2016 urteetarako hitz emanda zituen defizita murrizteko helburuak. Hori dela eta, 2016ko Estatuko Aurrekontu Orokorrak ahalik eta azkarren moldatzea eskatu dio.

"Batzordeak aurreikusten du Espainiaren defizit globala Barne Produktu Gordinaren % 4,5era jaitsiko dela aurten, eta % 3,5era 2016an; ondorioz, ez luke beteko gehiegizko defizita zuzentzeko helburua, hori 2016an egin beharko bailuke beranduen", adierazi du Bruselak.

Erkidegoko exekutiboak optimistatzat jo ditu aurrekontuak diseinatzeko Gobernuak erabilitako hazkunde-datuak. Espainiak % 3,3 hazkunde-tasa izatea aurreikusten du 2015erako; Bruselak, berriz, % 3,1ekoa izango dela uste du.

Hori horrela izanik, Pierre Moscovici Ekonomia eta Moneta gaietarako komisarioak esan du Espainiak bere lege-proiektua ahalik eta azkarren eguneratzea espero duela Bruselak, Autonomia Erkidegoen datuak gainera ditzan; horrek eboluzioan eragina izan baitezake.

"Eskualdeen datuak itxaroten ari gara, eta orduan egiaztatuko dugu tartea bete den ala ez", gaineratu du komisarioak.

De Guindos: "Espainiak beteko du"

Luis de Guindos Ekonomia eta Lehiakortasun ministroak gogorarazi duenez, ez da lehen aldia Europako Batzordeak halako abisuak egiten dituela eta ziurtatu egin du Espainiak "beti betetzen" duela betebeharrekin.

De Guindosen esanetan, Espainiako Gobernua "ziur dago" aurten ezarritako % 4,2ko helburua beteko duela, eta horrek "defizita % 3tik beherako bidean kokatuko ditu 2016ko aurrekontuak".

Gainera, azaldu duenez, aurtengo diru-sarrerak "oso positiboak dira", %  7 hazi direlako, eta, era berean, langabeziari lotutako laguntzak eta zor publikoa gehitu behar zaizkie.

Azkenik, De Guindosek gogorarazi egin du Espainia dela gehien hazten ari den herrialdea eurogunean eta ekonomia lehiakorra duela. Ministroaren hitzetan, Espainiako ekonomiak kreditua berreskuratu egin du eta hori hazkundea bultzatzen ari da, Europako kideek uste dutena baino "askoz gehiago".

Rajoy, zorrotz

Era berean, Europako Batzordeak egindako iragarpenari zorrotz erantzun dio Mariano Rajoy Espainiako Gobernuaren presidenteak: “Ez nago ados. Espainiak defizita beteko du”.

Gobernuaren aurreikuspenak defendatu ditu Rajoyk. “Hiru puntu desbideratzen ginen beste garai batzuetan pentsatzea litekeena da”, adierazi du Jose Luis Rodriguez Zapateroren Gobernuaren defizitari erreferentzia eginez.

Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena