Ekonomia
Hazkundea
EAEko ekonomia 2015ean % 2,7 haziko dela iragarri du BBVAk
Agentziak | Erredakzioa
Nafarroako ekonomiarentzako ere urte positiboa izango da, Nafarroako Merkataritza eta Industria Ganberaren arabera. Horrela, hazkundea % 3 ingurukoa izango dela esan du Ganberak.
EAEko Barne Produktu Gordina (BPG) aurten % 2,7 eta 2016an % 3 haziko dela iragarri du BBVA Researchek. Gainerako erkidegoetan bezala ekonomiaren susperraldia baieztatu du BBVAk, baina Euskadin hazkundeak bizitasun txikiagoa izango duela ohartarazi du bankuak.
Entitateak txostena argitaratu du gaur. Ikerketaren arabera, Espainiako ekonomia % 3 haziko da aurten, Euskadi baino hiru hamarren gehiago, eta % 2,7 2016an. EAEko BPG Espainiakoaren hiru hamarren gainetik izango da datorren urtean.
Erkidego autonomoen hazkunde aurreikuspenak igo ditu BBVA Researchek. Hala ere, Euskadiren eta Espainiako ipar-mendebaldeko erkidegoen kasuan “bizitasuna txikiagoa” izango dela zehaztu du txostenak. EAEko ekonomiak ez du turismoaren bultzada garrantzitsurik eta Euskadiko esportazioek “ezin dute gora egin”.
2016an, krisia baino lehen zuten BPG edo handiagoa izango duten gutxienez bost erkidego izango dira, iragarpenen arabera. Euskadi ez legoke horien artean, Nafarroa, ostera, bai.
2016an, Euskadi hazkunderik handiena izango duen hirugarren erkidegoa litzateke (% 3), Asturias eta Balear Uharteak bezalaxe, baina Errioxa (% 3,2) eta Madrilen (% 3,1) atzetik.
Defizita
2009tik 2013ra bitartean Euskadik, beste erkidego batzuek bezalaxe, gastua asko murriztu zuela dio txostenak. Horrela, diru-sarreren murrizketa orekatzea lortu du EAEk. Horregatik, 2014an defizit helburuak bete ditu erkidegoak.
Era berean, EAEko hezkuntza sistema goraipatu du BBVAk. Eskola behar baino lehenago uzteko tasa Europako batez bestekoaren azpitik dago Euskadin, txostenak azpimarratu duenez. Espainiak, ostera, oso tasa altua du.
Inbertsioa eta esportazioak
Inbertsioari dagokionez, “zailtasunek jarraitzen dute, eta horrek eragin handia du EAEko ekonomian, industria sektorea oso garrantzitsua delako”.
Kanpo sektorean aurreko hiruhilekoaren joera mantentzen dela uste du BBVAk: “Esportazioek ia erabateko geldialdia dute eta zerbitzuen hazkundea sendoa da”.
2015 positiboa iragarri du Nafarroako Merkataritza Ganberak
Nafarroako ekonomiarentzako ere urte positiboa izango da, Nafarroako Merkataritza Ganberaren arabera. Horrela, hazkundea % 3 ingurukoa izango dela esan du Ganberak. Gainera, langabeziak behera egingo duela iragarri du. Hala ere, “beherakada ez da digitura helduko, baina hurbil geratuko da”.
Javier Taberna Nafarroako Merkataritza eta Industria Ganberako presidenteak 2015eko lehen hiruhilekoaren txosten ekonomikoa azaldu du gaur.
2015 urte positiboa izango dela azpimarratu du Tabernak, baina sektore nagusien arteko ezberdintasunak azaldu dituzte aurreneko datuek hazkundean. Munduko ekonomiaren susperraldia espero zena baino motelagoa izaten ari dela ohartarazi du Tabernak.
Nafarroako ekonomiak “hazkunde motel baten joerarekin” jarraitzen duela goraipatu du Tabernak; izan ere, “lanpostuetan ez du islarik”, eta hori “arazo bat da”, nabarmendu duenez.
Inkestek enpresaburuen itxaropen positiboak jaso dituztela azpimarratu du Tabernak. Haztea eta inbertsioak egitea espero dute enpresaburuek, ondorioz, “ekonomian konfiantza dute”.