10:32

Ekonomia

Petrolioaren krisia

'Petrolioaren merkatzea arma geopolitiko indartsua bihurtu daiteke'

EIDER GARAIKOETXEA | EITB.EUS

Niko Cuenca ekonomista eta geopolitikan adituak azaldu duenez, AEBk fracking tekniken aldeko apustua egin du eta horrek petrolio eszedenteak sortu ditu.

  • Brent upelaren prezioa % 26 merkatu da ekainetik. EFE

    Brent upelaren prezioa % 26 merkatu da ekainetik. EFE

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Brent upelaren prezioa 50 dolarretik behera saltzen ari da azken hilabeteetan. Hiru faktorek eragin dute jaitsiera: eskaintza eta eskariaren arteko doitzea, AEBk frackingaren aldeko apustua eta joko geopolitikoa. Izan ere, petrolioaren prezioaren amiltzeak lurrikara eragin du: Venezuela eta Errusia kinka larrian daude, eta Txina eta AEB, indarrak hartuta. Kontsumitzaile eta enpresak baikor daude, merkatzeak euren poltsikoei mesede egingo dielakoan.

Niko Cuenca ekonomialari eta geopolitikan adituari eskatu diogu egoera honen gakoak azaltzeko:

eitb.eus: Ekonomian gauzak ez dira onak ala txarrak? Petrolioaren merkatzearekin gauza bera gertatzen da, ezta?

Niko Cuenca: Hori da. Erregaien prezioek bi aldetara eragiten dute eta, hortaz, petrolioaren merkatze honetan "irabazleak" eta "galtzaileak" daudela esan genezake.

Zalantza barik, kontsumitzaileak dira onuradun nabarienak. Apurka-apurka bada ere, prezioaren merkatze hori azken kontsumitzailearengana ere iristen ari da (gasolinak jaisten ari dira), baina batez ere industriari eragiten dio, hainbat direlako petrolioa kostu nagusitzat duten industriak (garraioak, enpresa industrialak, industria kimikoa?). Zentzu honetan, energia kostuak enpresen galdu-irabazien kontuetan eragin nabaria duen heinean, enpresek euren produktuak modu konpetitiboago batean merkaturatu ahal izango dituzte.

Espainiako datuari erreparatuta, estatu mailako eguneko kontsumoa 1,2 miloi kupelekoa da (Espainiako ekoizpena hutsaren hurrengoa da), hortaz, Espainiako Balantza Komertzialari dagokionez ere, eragin oso nabaria izango du.

Baina balantzearen beste aldean, Estatuak erregaiengatik eskuratzen dituen zergak dira. Estatuaren 2015eko aurrekontuetan erregaien gaineko zergak direla eta, 10.695 miloi euro biltzea espero du. Kalkulu hori egiteko petrolioaren batez besteko prezioa 104,1 dolarrekoa izatea estimatu da, eta hortaz, prezio hori merkatzea zerga bilketan ere sumatuko da. Bestalde, enpresen emaitzak hobetuko direnez, Sozietateen Gaineko zerga ere handituko litzateke.

Horrez gain, erregaiaren eragina hain handia denez, eguneroko bizitzan kontsumitzen ditugun zerbitzu eta produktuetan, inflazioan ere eragin nabaria izaten ari da: urte arteko tasa negatiboa izan dugu aspaldiko partez (% -0,2), baina erregaiaren eragina, besteak beste, ekiditen duen Menpeko Inflazioa % 0,8ra igo da. Horrek oso argi azaltzen du zenbaterainoko menpekotasuna duen ekonomiak erregaien prezioarekiko.

Hau da, segun eta nondik begiratzen dugun, eraginak alde batekoak edo bestekoak izan daitezke.

eitb.eus: Ez da lehenengo aldia historian hau gertatzen dena?

N.C: Ez, ez da lehengo aldia. Baina oraingoan merkatzearen arraioak ez daude soilik merkatuetako eskaintza-eskaria harremanaren menpe, baizik eta faktore berriak agertu dira, hala nola, erregaiak lortzeko teknika berrien agerpena (fracking-a) eta joko geopolitikoaren eragina.

eitb.eus: Oraingoan, zerk eragin du petrolioaren merkatzeak?

N.C: Azaldu bezala, alde batetik eskari-eskaintza harremanak eragin du. Europa pairatzen ari den krisi ekonomikoak produkzio industriala moteldu du eta, hortaz, energiaren (erregaiak barne) kontsumoa murriztu egin da. Gainerako gune ekonomikoak, Txina eta India nagusiki, hazten ari badira ere, euren hazkundeak ezin izan du Europaren gainbehera estali, eta hortaz, eskaria nabarmenki murriztu da, eta merkatu guztietan bezala, eskaria murrizten den heinean, prezia jaitsi egiten da.

Horrez gain, eskariaren murrizketari eskaintzaren hazkundea gehitu behar zaio (normalean gertatzen ez den bezala).

Kasu honetan AEBk sekulako inbertsioa burutu du fracking teknikak ustiatzen (batez ere Dakota eta Texas estatuetan)  eta horrek eszedenteak sortu ditu. Hasiera batean, AEBentzat kaltegarriago izan baliteke ere (eskaintza handitzean prezioa murrizten baita), AEBk oso apustu garbia egin du sektore honetan bi helburu jakinekin: AEB krisitik ateratzen laguntzen duelako, eta nagusiki, energia-menpekotasunarekin bukatzen duelako. Gaur egun herrialde arabiarrak politikoki oso ezegonkorrak dira, eta AEBk nahiago izan du energetiko burujabeak izan.

Hirugarrenez, ohiko petrolio herri ekoizleen jarrera aipatu behar da. Halako egoeretan, normalena ekoizpena murriztea izaten bada ere (eskaintza murriztuz, prezioak gora egiten du), inor ez da ausartzen urrats hori ematen, bi arrazoi nagusigatik: Merkatu kuota galtzeko arriskua dago, eta prezio baxuak mantenduta, hainbat herrik egoerari eutsi ahal diote (Saudi Arabia, kasu) baina beste batzuk, ez, eta arma politiko bezala erabili ahal dute. Ikusteko dago, adibidez, Iranek aguantatu ahal izango duen, edo AEBk ekoizpen errentagarria mantendu ahal duen.

eitb.eus: Kontsumitzaileek, oraingoz, ez dute petrolioaren prezioaren amiltzearen onurak hainbeste nabaritu. Brent upelaren prezioa % 26 merkatu da ekainetik, baina gasolinarena apenas zentimo batzuk, eta hegazkin konpainiek ere ez dituzte prezioak jaitsi?

N.C: Gasolindegitan apurka-apurka sumatzen ari da, baina normalean gasolindegiek igoerak oso ondo erasaten badiete kontsumitzaileei, jaitsierak ez horren azkar. Espainiako Konkurrentziaren Batzordea (CNMC) praktika hau aspalditik salatzen ari da baina?

eitb.eus: Nori gehiago egin ahal dio mesede beherakada honek?

N.C: Lehen esan bezala kontsumitzaileei, bai norbanakoak bai enpresak. Batez ere bigarrenek kostu murrizketa garrantzitsua izango dute eta lehiakorrago jokatzeko aukerak izango dituzte.

Hori barne ikuspegi batetik, baina nire ustez, egoera honek nazioarte mailan sekulako inpaktua izango du.

MAM-eko argazkia: caida-petroleo_

eitb.eus: Geopolitika hizpide hartuta, tableroan bi jokalari mota daude: herrialde inportatzaileak eta esportatzaileak. Nortzuk dira? Nola eragiten die merkatzeak batzuei zein besteei?

N.C: Herrialde inportatzaile nagusiak Europan kokatzen dira, tartean Espainia eta Frantzia. 2013an Europa izan zen petrolio gehien inportatu zuen munduko eskualdea (12,5 miloi kupela baino gehiago egunero, petrolio eta eratorritako produktuen artean). Krisialditik ateratzeko arazoak dituen ekonomia batentzako, kostu eragile nagusietako baten merkatzeak on egingo dio. Baina, lehen esan bezala, inflazioaren gainean duen eragina hain nabarmena izanik, deflazio arriskua ere ezin da baztertu.

Mundu mailako beste eskualde nagusi bat Asiakoa izango litzateke, bertan Txina eta India egonik. Bi herri hauen inportazioak batuta, Europakoak baino handiagoak dira, hortaz, nahiko agerikoa da euren ekonomientzat izan dezakeen onura. Eta herri hauek krisia apenas nabaritu dutenez (hazkundea murriztu bai, baina hazten ari dira), deflazioaren arriskua ez da Europakoa bezalakoa.

Hortaz, gaur egun lehen potentzia bezala kontsideratzen den Txinak bere nagusitasuna are gehiago nabarmenduko du egoera nonek.

Beste aldean esportatzaileak daude, eta hemen, hiru talde egin daitezke:

AEB: Fracking teknikari lehentasuna eman dio energia-menpekotasuna ekiditeko eta krisitik ateratzen laguntzeko (Dakota eta Texaseko hazkunde datuak oso nabariak dira) eta gainera, arma geopolitiko bezala erabili dezake Errusia, Iran eta Venezuela ahultzeko.

OPEP barruko herriak: Talde honen barruan ekoizle historikoak topatu daitezke. Epe laburrean eskaintza murrizteko intentziorik ez badute ere, epe ertain batean egoera doitzea espero da. Honen barruan egoerari aurre egin ahal dioten herriak daude (Kuwait, Saudi Arabia, etab) erreserba nahiko dituztelako. Baina beste batzuek petrolioaren diruarekiko menpekotasun handia dute  (Iran, esaterako) eta herrien arteko orekak baldintzatu litzake egoera honek.

Egoera bertsuan egongo lirateke Venezuela (arazo ekonomiko oso larriak dauzka) eta Errusia (Ukrainiaren krisiagatik zigor ekonomiko handiak jaso ditu) eta euren ekonomiak (eta hortaz, gobernuak) egoera oso larrian geldituko lirateke.

eitb.eus: Venezuelak AEB salatu du, petrolioaren merkatzea eragiteagatik? Zerk du honek egitik? Badirudi guda gordina dagoela OPEPeko kide diren herrialdeen eta AEBen artean?

N.C: Lehen esandakoarekin bat dator. AEBk bi helbururekin ekin dio ekoizteari: menpekotasuna murrizteko eta krisitik ateratzen laguntzeko. Baina ezin da ukatu arma geopolitiko oso indartsua bilakatu daitekeela egoera hau eta zalantzarik ez daukat aprobetxatuko duela Venezuelaren eta Errusiaren aurka erabiltzeko.

Hala ere, ikusi beharko da AEBk noraino aguantatu dezakeen prezio baxuen egoera bat. Edozein enpresatan bezala, salmenta prezio baten azpitik, kostu finkoak ez dira estaliko, eta orduan, fracking bidezko ekoizpena errentagarria izateari utziko dio.

Rublo. Rusia. Errusia. Krisia. EFE

eitb.eus: Herrialde batzuk beste batzuk baino estuago daude: Venezuela eta Errusia, esaterako. Bi hauetan esportazioak eragin zuzena du Barne Produktu Gordinean.

N.C: Eta honek, zalantza barik, ahultasun egoera batean uzten ditu. Venezuela, esaterako, Txinarekin hitzarmenak sinatzen saiatzen ari da, bere egoera ekonomikoari oxigeno apur bat emateko: aste honetan egin du. Chavezek petrolio merkea erabili egin zuen hainbat herrirekin lankidetza hitzarmenak sinatzeko, baina egoera honek zalantzan utzi du politika hori. Eta Txina Hego Amerikan geroz eta nagusitasun gehiago lortzen ari da, Mexikok eta Brasilek ere egoera hau sufrituko dutelako.

Errusiaren kasua oso antzekoa da. Bere aurrekontuen diru sarreren % 50  petrolioa eta gasaren esportazioetatik datoz, eta prezioen merkatzeak oso egoera larrian utzi du bere ekonomia.  Horrez gain, Europak eta AEBk ezarri dizkioten zigorrek (Ukrainako gerragatik) bere ekonomia ahuldu du.

Kasu honetan ere, Txinarekin akordioen bila dabil Errusia egoerari aurre egiteko.

Hortaz, zalantza barik, Txinaren eragin geopolitikoa are gehiago handituko da.

Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena