Ekonomia
2015erako aurreikuspenak
Erredakzioa
Langabezia-tasak 1,3 puntu egingo du behera, eta % 14,5ean geratuko da, finantza erakundeak egin duen txostenaren arabera.
Madariaga eta Agirre, aurreikuspenen txostenaren aurkezpenean. EFE
Albisteak (3)
2015erako aurreikuspen ekonomiko baikorrak jakinarazi ditu gaur Laboral Kutxak. Datorren urterako egoera ekonomikoaren azterketa egin du finantza erakundeak, eta, horren arabera, Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) ekonomia % 1,8 haziko dela eta langabezia-tasa 1,3 puntu jaitsiko dela aurreikusi du.
Joseba Madariaga Laboral Kutxako Ikerketa Zerbitzuen arduradunak eta Xabier Egibar Negozio Garapenaren Arloko buruak aurreikuspen horien xehetasunak eman dituzte goizean Bilbon eskainitako prentsaurreko batean.
Bertan emandako datuen arabera, EAEko Barne Produktu Gordinak (BPG) % 1,8 egingo du gora datorren urtean, eta % 2, Espainiako Estatuan. Lan-eremuan ere izango da albiste onik; izan ere, aurreikuspenen arabera, 1,3 puntu jaitsiko da langabezia-tasa 2015ean, % 14,5eraino. Estatuan ere behera egingo du langabeen kopuruak, % 22,7raino.
Prezioen egoerari dagokionez, deflaziorik ez dela egongo uste dute Laboral Kutxako adituek. Dena dela, bada prezioen beherakada orokorra izateko "arriskua". Aukera hori gorabehera, 2015ean prezioek gora egingo dutela uste dute txostena egin dutenek: % 1 egingo du gora Estatuan, eta % 0,8, EAEn.
Madariagak azpimarratu duenez, aurreikuspen baikor hauek Europako eta munduko egoera geopolitikoaren eta petrolioa merkatzearen menpe daude. Hain justu, petrolio gordinaren prezioak jaisten jarraitzekotan, aurreikuspenak are hobeak izango direla uste du Laboral Kutxako adituak. Hortaz, BPGaren hazkundea hiru puntu gehiagokoa izango litzateke (% 2,3koa Estatuan eta % 2,1eko EAEn).
Kontsumitzaileak eta enpresak, ezkor
Euskal kontsumitzaileek egoera ekonomikoari buruz duten iritzia ere jaso du Laboral Kutxak bere txostenean. Horren arabera, 2014ko azken hiruhilekoan ere, ezkor daude kontsumitzaileak etxeko ekonomiaren, egoera ekonomiko orokorraren, langabeziaren eta aurrezteko ahalmenaren harira.
Horrez gain, EAEko industria enpresen artean ere galdeketa egin du finantza erakundeak, lehen aldiz. Enpresak, herritarrak bezala, ez dira baikor agertu 2015eko aurreikuspenak egiteko orduan.
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa