Ekonomia
Korta Sariak
Erredakzioa
Korta Sariak banatzeko zeremonian egin ditu adierazpenak Iñigo Urkulluk. Jose Mari Korta Gipuzkoako enpresaburuaren oroimenez banatutako sariak dira. Korta 2000. urtean hil zuen ETAk.
EAEko ekonomia “hazkunderantz bira egiten” ari dela ziurtatu du Iñigo Urkullu lehendakariak. Joera aldaketarekin 2015ean lanpostuak sortzea espero du buruzagiak.
Adierazpenak Korta Sariak banatzeko zeremonian egin ditu Iñigo Urkulluk Gasteizen, Lehendakaritzan. Jose Mari Korta Gipuzkoako enpresaburuaren oroimenez banatutako sariak dira. Korta 2000. urtean hil zuen ETAk.
Jose Mari Kortaren ibilbidea gogorarazi du lehendakariak hitza hartu duenean. Gainera, “memoria iragana gogoratzea soilik” ez dela adierazi du, “etorkizuna eraikitzeko ezinbesteko oinarria” baizik. “Adiskidetzerik, elkarbizitzarik, etorkizunik ez dago memoriarik gabe”, erantsi du.
Manuel Iralagoitia, Teodoro Cid, Xabier Irala eta Ricardo Garate enpresaburuen lana goraipatu du Urkulluk. “Konpromiso, esfortzu eta zintzotasunaren” eredutzat jarri ditu lehendakariak.
“Elkarrizketa soziala” eskatu du
Euskadiko egoera ekonomikoa baloratu du lehendakariak. “Elkarrizketa soziala”, eskatu du buruzagiak; izan ere, “lanerako tresna garrantzitsu bat da”. Era berean, “konfrontazioa gainditzen duen” lan harremanen eredu bat aldarrikatu du, “lankidetza oinarritzat hartzeko”.
“EAEko ekonomia hazkunderantz bira egiten” ari dela ziurtatu du Urkulluk. Agintariaren esanetan, 2015eko aurrekontuak 1.200 milioi euro inbertsiora bideratuko ditu. Horrela, “krisia hasi zenetik aurrenekoz” Exekutiboak “inbertsiora zorra kitatzera baino baliabide gehiago” bideratuko ditu. Zentzu horretan, 2015ean Euskadik “enplegua sortzea” espero du lehendakariak.
EH Bildu
EAEko alderdi politiko guztiak zeremonian izan dira, EH Bildu izan ezik. Ezker abertzaleak sarien aurreko banaketa ekitaldietan parte hartu du.
Gipuzkoako Aldundiak eta Batzar Nagusiek ez dute ordezkaritzarik bidali. Sarien historian emakumerik saritu ez dutela salatu du Lohitzune Txarola Gipuzkoako Batzar Nagusietako presidenteak.
Sarituen ibilbidea
Teodoro Cid Chamorrok (Leon, 1948) Maisutza Industriala ikasi zuen. JOLMA Tailer Elektrikoak sortu zituen. SEA Arabako enpresaburuen elkarteko zuzendaritzaren kidea da.
Xabier de Irala Estevez (New York, 1946) ingeniari industriala eta enpresa eta erakunde garrantzitsuetako goi-karguduna da. BBK eta Iberiako presidentea izan da. Era berean, General Electrica Españolako kontseilari delegatua eta finantza zuzendaria izan da.
Ricardo Garate Cruzelegui (Bilbao, 1954) Ekonomia Zientziatan lizentziaduna da Deustuko Unibertsitatean. Unceta taldeko presidentea da, eta baita Arrate Merkataritza Enpresa eta Bodegas LANeko kontseilaria ere. Gainera, Adegi Gipuzkoako patronalaren presidenteordea izan da.
Manuel Iraolagoitia Oreguik (Eibar, 1938) Eibarko (Gipuzkoa) Armagintza Eskolan ikasi zuen. 1958an, Juan Marcos Lopez de Guereñurekin eta Alberto Eibarrekin batera, MICRODECO enpresa sortu zuen.
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa