Ekonomia
Mendeko ekarpenak
Erredakzioa
Eroskik bere zorra birfinantzatzen amaitu behar du ekarpenen truke bonoak emateko. Prozesua urtea amaitu baino lehen bukatzea espero du Kontsumobidek.
Kontsumobideren agerraldia Eusko Legebiltzarrean
Elena Unzueta Kontsumobide Kontsumoko Euskal Institutuaren zuzendariaren ustez, Eroskik ez du mendeko ekarpenen trukearen inguruko eskaintza aldatuko eta urtarrilean proposatutakoari eutsiko dio.
Unzueta Jon Darpon Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuarekin batera agertu da gaur Eusko Legebiltzarrean, EH Bilduk hala eskatuta. Eroskiren ekarpenetan 600 milioi euro inbertitu zuten 40.000 lagunen auzia zertan den azaldu dute biek.
Kontsumobideren bitartekaritzarekin, mendeko ekarpenen gatazka konpontzeko asmo-akordioa izenpetu zuten urtarrilean Eroskik eta banketxeek. Horren arabera, ekarpenaren % 15 eskudirutan jasoko lukete bezeroek, eta % 55, 12 urterako bonutan. Horrez gain, % 30eko kita egongo litzateke.
Eskaintza hori, baina, Eroskiren birfinantziazio prozesua bukatzen denean gauzatu ahalko da, eta prozesu hori amaitzeke dago oraindik.
Abuztuan, 2.605 milioi euroko zorra birfinantzatzeko akordioa erdietsi zuen kooperatibak finantza-erakundeekin.
Horrez gain, azaro hasieran Eroskiren 160 saltoki erosi zituen Diak, 146 milioi euro ordainduta.
Birfinantzazioa, 2014a bukatu baino lehen, bukatuta
Jon Darpon Osasun sailburuak agertu duenez, kitaren eskaintza ez da Jaurlaritzak proposatutakoa, ezta Gobernuak "nahi zuena ere", baina kaltedunek har dezaketen hiru bideetako bat da. Izan ere, Eroskiren eskaintza hau onartzeaz gain, epaitegietara jo edo inbertsioa bere horretan uzteko aukera dute kaltedunek.
Sailburuaren esanetan, kitaren eskaintza "bere horretan dago", Eroskik ez duelako bere zorra birfinantzatzen amaitu, baina "laster" buka daiteke prozesu hori, horren ustez.
Kontsumobideren zuzendariaren arabera, Eroskik zorra itzultzen amaitzen duenean, Kontsumoko Euskal Institutuak trukea nola egin behar den azalduko die kaltedunei. Hori urtea amaitu baino lehen izango dela aurreratu du Unzuetak.
Alderdien iritzia
Auzi honetan Kontsumobidek eta Eusko Jaurlaritzak izan duten jarrera kritikatu dute EH Bildu, PSE eta UPyD alderdiek. Kaltedunei "adarra jotzea" eta milaka laguni eragin dien arazoa konpontzeko "ezgai" izatea egotzi diete bi erakundeei.
EAJk, bestalde, txalotu egin du Kontsumobideren lana.
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa