09:36

Ekonomia

Langabezia

2.098 langabe gehiago zenbatu dituzte urrian EAEn eta Nafarroan

Erredakzioa

Urrian aurreko hilabetean baino 1.285 pertsona gehiago zenbatu dituzte lanik gabe Euskal Autonomia Erkidegoan, eta 813 gehiago, Nafarroan.

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Enplegu-bulegoetan izena eman duten pertsonen kopuruak gora egin du urrian Hego Euskal Herrian. EAEn 170.822 langabe zenbatu dituzte joan den hilean, irailean baino 1.285 gehiago: langabeziak % 0,75 egin du gora, beraz, EAEn. 705 pertsona gehiago (% 0,74) zeuden lanik gabe urrian Bizkaian, 454 gehiago (% 0,97) Gipuzkoan, eta 126 gehiago (% 0,46) Araban. Enplegu eta Gizarte Segurantza Ministerioak eman ditu datuok, gaur goizean.

Nafarroan, berriz, irailean baino 813 langabe gehiago (% 1,76 gehiago) zenbatu dituzte urrian. 2013ko urriko datuekin alderatuta, langabeziak behera egin du Foru Erkidegoan: duela urtebete baino 3.908 langabe gutxiago zenbatu dituzte bertan.

Espainiako Estatuan, 79.154 langabe gehiago

Espainiako Estatuan 79.154 langabe gehiagok eman duten izena urrian lan-bulegoetan, aurreko hileko datuekin alderatuta. Denera, 4.526.804 pertsona daude langabezian Estatu osoan. Hirugarren hilabetez jarraian egin du gora langabeziak.

Enplegu Ministerioak emandako datuen arabera, sexuaren araberako alderaketa eginda, gizonezkoen eta emakumezkoen langabeen kopuruak berdintsu egin du gora: emakumezko langabeen kopurua % 1,6 (38.695 langabe gehiago) hazi da, eta gizonezkoena % 1,9 (40.459 langabe gehiago).

Sektoreka, eraikuntzarena izan da langabeziaren jaitsierarik handiena nabaritu duena, eta zerbitzuak, nekazaritza eta industria alorretan igo da gehien.

Adin-tarteei begiratuz gero, batez ere, 25 urtetik gorakoen artean hazi da gehien langabeen kopurua; % 2,3 hazi da adin-tarte horretan langabezia, 69.451 langabe gehiago zenbatu baitituzte.

Aburto 'kezkatuta', kontratuen kalitateagatik

Juan Maria Aburto Enplegu eta Gizarte Gaietako sailburuak gaur kaleratu diren langabezia datuen inguruan esan du  EAEko "joera ona" dela. Iraileko datuekin alderatua langabe kopuruak gora egin duen arren, iaz baino 7.500 pertsona gutxiago daudela langabezian aurten nabarmendu du. Dena dela, kezka agertu du sortzen den enpleguaren kalitatea dela eta. Urrian sinatu ziren kontratuen % 6,6 bakarrik ziren kontratu mugagabeak. Euskadi Irratian egindako elkarrizketan egin ditu adierazpenok.

"Langabeziak gora egiten duenean datuak beti txarrak dira, baina joerak hartu behar dira kontuan. Eta gaurko datuak iazko datuekin alderatuta, 7.445 pertsona gutxiago daude langabezian. Horregatik esan dezakegu joera ona dela, egoerak oso larria izaten jarraitzen duen arren", esan du.

Sortzen den enpleguaren kalitatea zaindu behar dela azpimarratu du. Bere hitzetan, sortzen diren lanpostu gehienak aldi baterakoak dira eta kontratu mota horrekin "oso zaila da pertsona gazte batek bizitza proiektu bat aurrera ateratzea".

Luis de Guindos Ekonomia eta Lehiarako ministroak ere antzerako balorazioa egin du: joerari eman dio garrantzia, 2013ko urrian baino ia 300.000 langabe gutxiago daudela esanaz.

Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena