Ekonomia
Proiektua
Erredakzioa
Ricardo Gatzagaetxebarria Ogasun sailburuak azaldu duenez, iazko egitasmoarekin alderatuta % 4,1 hazi da. Aurrekontuen % 75 gastu sozialera bideratuko du Jaurlaritzak.
Albisteak (4)
10.639 milioi euroko Aurrekontu proiektua onartu du Eusko Jaurlaritzak 2015erako, iaz baino 423,5 milioi gehiago. Ondorioz, % 4,1eko hazkundea izan dute kontuek.
Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako bozeramailea eta Ricardo Gatzagaetxebarria Ogasun sailburua aurrekontu egitasmoa azaltzen ari dira prentsaurrekoan. Gobernu kontseilua bideokonferentziaz egin behar izan du gaur Jaurlaritzak, Iñigo Urkullu lehendakariak eta Arantza Tapia Garapen Ekonomiko eta Lehiakortasunerako sailburuak parte hartu ahal izateko. Biak Mexikon daude merkataritza-bidaian.
Inbertsioak 526,6 milioi eurokoak izango dira, langile publikoen gastua 1.961 milioikoa, funtzionamenduaren gastua 3.254 milioikoa eta eskumenak, diru-laguntzak eta gastu arruntak 3.203 milioikoak. Aurrekontuen % 75 gastu sozialera bideratuko du Jaurlaritzak.
Proiektuaren xehetasunak (kapituluak, programak eta partidak) ostegunean jakitera emango dituzte, Aurrekontu egitasmoa Eusko Legebiltzarrera heltzen denean.
Aldundiek diru gehiago bildu dute eta kontu publikoek zenbateko garrantzitsuak dituzte, sailburuak ziurtatu duenez. Gizarte, enplegu eta osasun zerbitzuetarako ekarpenak nahi zituen PSE-EEk, aurrekontuei babesa emateko baldintza bezala. Helburu horiek Eusko Jaurlaritzaren politikarekin bat datozela goraipatu du Gatzagaetxebarriak.
Hala ere, proiektuaren inguruko akordio posibleez galdetu diotenean, Legebiltzarrean negoziatzeko eta adosteko bi hilabeteko epea zabalduko dela gogorarazi du sailburuak.
Ricardo Gatzagaetxebarria Ogasun sailburua. Argazkia: EFE
Diru-sarrerak bermatzeko errenta
Enplegu eta Gizarte Politikarako Sailak hazkunde handiena du, % 11,5 2014ko aurrekontuekin alderatuta. Horrela, 1.064,9 milioitan kokatuko da eta diru-sarrerak bermatzeko errentaren partidak % 19,9ko hazkundea izango du.
Hala ere, Osasun Sailak aurrekontuetako zatirik handiena eramango du, 3.390,5 milioi eurorekin. % 1,1eko hazkundea izango du. Ondoren, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak 2.791,6 milioi izango ditu (+% 1).
Bestalde, Ingurumen eta Lurralde Politikarako Sailak 668,3 milioiko aurrekontua izango du (+% 2,3); Segurtasun Sailak 616,7 milioi (+% 1,3); Garapen Ekonomiko eta Lehiakortasunerako Sailak 427,7 milioi (+% 2,1); Administrazio Publiko eta Justizia Sailak 225,1 milioi (+% 2); Lehendakaritzak 106,5 milioi (+% 5,1), Ogasun eta Finantzak 97,6 milioi (+% 0,8).
Defizita
Datorren urteko defizit helburua BPGren % 0,7 izango dela azaldu du sailburuak, aurtengoa baino txikiagoa (% 1). Horrela, zorpetzeko gaitasuna txikiagoa izango dela gaineratu du Gatzagaetxebarriak, 197,9 milioi euro gutxiago. Aurten 775,5 milioi badira, 2015ean 579,7 milioi izango dira bakarrik.
Inbertsioetan diru-hornidurak % 3,1 gora egingo du: 1.187 milioietatik 1.223 milioitara pasako da.
Aldundiek Eusko Jaurlaritzari 8.737,9 milioi euroko ekarpena egin diote aurrekontuetarako, 610 milioi "beste diru-sarrera" batzuetatik datoz, eta 1.291 milioi zorpetzetik.
2012ko aparteko ordainsariaren zati bat funtzionarioei itzuli behar dietela azaldu du Gatzagaetxebarriak. Horregatik, langile publikoen gastuak % 1,7 gora egingo du. Bien bitartean, Funtzionamenduaren gastuek % 2,2 gora egingo dute eta Gastu Arruntek % 3,5.
Inbertsioa eta kontsumo pribatua
Kontsumo pribatua eta inbertsioa barne eskariaren dinamizatzaileak izango direla azaldu du Gatzagaetxebarriak prentsaurrekoan. Kanpo eskariak, ostera, BPGren hazkundeari ekarpen txikiagoa egingo dio. Hala ere, hazkunde positiboa izaten jarraituko du ( % 0,3 2014an eta % 0,1 2015ean).
Gainera, eraikuntza sektorearen atzeraldia motelduko dela aurreratu du sailburuak. Horrela, urtea hazkundearekin amaitzea posible dela gaineratu du.
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa