20:33

Ekonomia

Kreditu-txartelak

Caja Madrideko zazpi kontseilari ohiek 850.000 euro xahutu zituzten

Erredakzioa

PP, PSM, CCOO eta UGTk proposatutako kontseilari ohiak Caja Madrideko eskandaluan inplikatuta daude. Orain arte zuzendaritzako sei kidek dimisioa eman dute eta bakarra kargutik kendu dute.

  • Kreditu-txartel 'beltzak' erabili zituzten Caja Madrideko kontseilari eta zuzendari ohi batzuk. EFE

    Kreditu-txartel 'beltzak' erabili zituzten Caja Madrideko kontseilari eta zuzendari ohi batzuk. EFE

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Azken orduetan 'B kreditu-txartelen' eskandaluagatik dimisioa eman duten Caja Madrideko zuzendaritzaren zazpi kideek 850.000 euro baino gehiago gastatu zituzten, Bankia auzia ikertzen ari den epaileari igorritako dokumentazioaren arabera.

Eskandaluaren aurreneko bi biktimak PPk proposatutako bi kontseilari ohi izan ziren: Pablo Abejas eta Mari Carmen Cafranga. Ostegunera arte Madrilgo Gobernuan eta Bankiaren fundazioan kargudunak ziren.

Kreditu-txartelak erabili zituzten Caja Madrideko 83 zuzendari eta kontseilari ohien zerrenda argitaratu eta ordu gutxi batzuk geroago, Abejas kargutik kendu egin zuten. Ignacio Gonzalezen Exekutiboan Ekonomia zuzendari nagusia zen. 2006tik 2012ra 246.700 euro xahutu zituen Abejasek.

Bestalde, Carmen Cafranga Caja Madrideko Fundazioaren presidenteak dimisioa eman zuen ostegunean. Gizarte Ekintzaren "interesak babesteko helburuarekin" kargua uzten zuela azaldu zuen Cafrangak agiri batean. Bederatzi urtetan, 2003tik 2012ra arte 175.200 euro gastatu zituen iruzurraren kreditu-txartelarekin.

UGT, CCOO eta PSM

Ostiral honetan beste bost dimisio eman dituzte: Jose Ricardo Martinez UGTko buruzagiak kargua utzi du, 2010, 2011 eta 2012an txartelarekin 44.200 euro xahutu zituela jakitera eman eta gero.

Ondoren, Angel Gomez del Pulgar PSMko zuzendaritza laga du. Caja Madrideko kontseilari gisa, 2003tik 2010era arte, 'B txartelarekin' 149.700 euro xahutu zituen gastu pribatuetan.

Era berean, Rodolfo Benito CCOOko buruzagi historikoak dimisioa eman du. 2003tik 2010era arte 140.600 euro gastatu zituen Benitok.

Azken bi dimisioak, PPrenak

Bestalde, Jose Maria Buenaventura Ogasuneko Estatu idazkariaren kabineteko zuzendariak dimisioa aurkeztu du eguerdian. PPk proposatu zuen. 2004tik 2007ra 63.000 euro xahutu zituen Buenaventurak.

Dimisioa eman duen azkena Manuel Jose Rodriguez Gonzalez Boadilla del Monteko EMVS udal-konpainiaren zuzendaria izan da. Caja Madrideko kontseilaria izan zen urte bakarrean, 2011n, 37.100 euro gastatu zituen.

Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena