16:12

Ekonomia

Auzitegi Nazionala

Fiskaltzak Caja Madrideko 86 zuzendari ikertzea eskatu du

Erredakzioa

Ustelkeriaren kontrako Fiskaltzaren arabera, zuzendaritzako hainbat kidek enpresako kreditu txartelekin horien gastu pribatuak ordaindu zituzten. Guztira, 15 milioi euro.

  • Miguel Blesa Caja Madrideko presidente ohia. Artxiboko irudia: EFE

    Miguel Blesa Caja Madrideko presidente ohia. Artxiboko irudia: EFE

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Caja Madrid bankuko 86 zuzendari eta kontseilari ikertzeko eskatu dio Ustelkeriaren kontrako Fiskaltzak Fernando Andreu Auzitegi Nazionaleko epaileari, enpresako kreditu txartelekin horien gastu pribatuak ordaintzeagatik. Guztira, 2003 eta 2012 artean 15,2 milioi euro gastatu zituzten elikagai sektorean egindako erosketetan, jatetxeetan egindako bazkari eta afarietan, etab.

Antonio Salinas Ustelkeriaren kontrako Fiskaltzaren buruak izapideak hasi ditu 86 kide horien kontra delitu sozietarioa eta diruaz modu bidegabean jabetzea egotzita. Hala, dekretua argitaratu du eta Luis Rodriguez Sol eta Alejandro Luzon fiskalak izendatu ditu instrukzioa egiteko. Bankiak kreditu txartelak modu irregularrean erabili izan zirenaren susmoa agertu zion Banku Berregituraketa Ordenaturako Funtsari eta organo horrek informazio guztia helaraziko dio Ministerio Publikoari.

Caja Madridek, eta gero Bankiak, zuzendariei eta kontseilariei emandako kreditu txartelak zenbait kasutan beren jarduerarekin zerikusirik ez zuten gastuak ordaintzeko erabili zirela atzeman zuen Bankiako Barne kontu-ikuskaritza sailak.

Izaera orokorreko ohiko kreditu txartelez aparte eman ziren aipaturiko txartelak, eta Caja Madridekoek 15.249.300 euroko gaitasuna zuten, eta, Bankiakoek 245.200 eurokoa. Dokumentazioaren arabera, Bankiako hiru kontseilari exekutibok eta bi zuzendari orokorrek izan zuten pribilegio hori, Ildefonso Sanchez Barcoj Zuzendaritza Batzordeko kideak kudeatuta. Kontseilari horietako batek ez zuen inolako diru mugimendurik egin eta, are gehiago, ez zuen txartela lortzeko kontratua sinatu.

Sanchez Barcojen txartelak 90.900 euro inguru fakturatu zituen, Rodrigo Ratorenak, 54.800 inguru; Matias Amatenak, 42.000 euro; eta Jose Manuel Fernandez Norniellarenak, 9.700 euro. Bestalde, Francisco Servando Verduk ez zuen inolako mugimendurik egin.

Bestalde, Caja Madridek 2011n bakarrik 20 kontseilari eta zuzendariri banatu zizkien txartelak. "Txartel horien kudeaketa erakundeko gainerako txartelengatik bereizita egiten zen", txostenaren arabera. Gainera, txartel berriak ematea eta horietan aldaketak egitea Sanchez Barcojen idazkarien bitartez egiten zen.

Pribilegio hori izan zuten zenbait zuzendari aipatzearren: Rodrigo Rato Espainiako Gobernu presidenteorde ohia, Ricardo Romero de Tejada Madrilgo PPko idazkari ohia, Antonio Romero PSMko idazkari ohia, Jose Antonio Moral Santin IUko buruzagi ohia eta Miguel Blesa Caja Madrideko presidente ohia.

 

Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena