12:12

Ekonomia

Eskoziako Erreferenduma

Eskoziako erreferendumaren eragina ekonomian

Idoia Alberdi | EITB.EUS

Iberdrola eta Gamesa dira, egun, Erresuma Batuan negozioak dituzten euskal konpainia nagusienak. Dudarik gabe, independentziari buruzko prozesuak interes handia piztu du euskal enpresarien artean.

  • Scottish Powerren parke eolikoetako bat, Eskozian. Argazkia: Scottish Power

    Scottish Powerren parke eolikoetako bat, Eskozian. Argazkia: Scottish Power

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Energiaren alorra, batez ere, eolikoarena, negozio iturri garrantzitsu bilakatu da azken hamarkadetan Eskozian eta Erresuma Batuan. Alor horretako mundu osoko enpresak hara begira daude, tartean, Iberdrola eta Gamesa euskal enpresak. Bi konpainiok aspaldi egin zuten horren aldeko apustua eta filialak jarri zituzten martxan Erresuma Batuan. Scottish Power konpainia elektriko eskoziarra, esaterako, Iberdrola taldearena da. Horregatik, Eskozian zabaldu den prozesu independentista adi ari dira jarraitzen euskal enpresariak, batez ere, han inbertsioak dituztenak. Inork ez du balizko etorkizun berri baten inguruan hitz egin nahi, baina etorkizunean sor daitezkeen aukera ezberdinak aztertzen ari dira jada.

Irailaren 18ko erreferendumean independentziaren aldeko botoak gailenduko balira, agertoki berri bat zabalduko litzateke enpresarientzat. Jokaleku berri horren abantailen edo desabantailen inguruan eztabaidan hasi gabe, Jesus de Blas Credit Agricole Mercagenteseko analistak uste du independentziak irabaziz gero "aldaketa handiak izango direla, nahitaez". "Estatu berri bat sortzeak legedi berri bat ezartzea esan nahiko luke, joko-arau berriak bertako enpresentzat; pizgarri berriak, laguntza politika berriak… Beraz, enpresek arau horietara moldatu beharko lukete euren jarduna", esan du.

Enpresarientzat, dena dela, giltzarria dirua izango dela nabarmendu du De Blasek. Hau da, dirua aldatuko balitz, horrek ondorio zuzenak izango lituzke inbertitzaileengan. "Erresuma Batuak Eskoziari libera erretiratzea erabakiko balu, eskoziarrek diru berri bat atera beharko lukete merkatura. Diru berria, noski, ahulagoa izango litzateke, balio baxuagokoa, eta, beraz, inbertitzaileak galtzen aterako lirateke. Oso sinplea da: inbertsioak badituzu herrialde batean eta herrialde horretako diruak balioa galtzen badu, zure inbertsioek balioa galduko dute", zehaztu du.

Iberdrola, Londresera begira

Energia berriztagarrien alorrean Iberdrola inoizko inbertsiorik handiena egiten ari da, Scottish Powerren bitartez, Britainia Handiko ekialdeko kostaldean, Eskoziako uretan; urpeko parke eolikoa egiten ari dira. Erresuma Batuko Gobernuak iazko ekainean eman zion oniritzia 400 milioi euro inguruko proiektu erraldoi honi. Munduko parke eolikorik handiena martxan jartzeko asmoa dute.

Londres gune estrategiko bihurtu da Iberdrolarentzat. Azken urteotan, hiriburu horretan aurkeztu ditu bere emaitza ofizialak eta aurreikuspenak. Londresen eta Edinburgoren arteko merkataritza harremanek, beraz, pisu eta zeresan handia dute Iberdrolaren orainean eta etorkizunean.

Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena