08:50

Ekonomia

Itxiera

Arcelor Mittalek Zumarragako planta aldi baterako itxiko du

EITB

375 langile ditu Zumarragako altzairu enpresak, garai bateko Orbegozok, eta, batez ere, eraikuntzarako erabiltzen den altzairuzko haga mehea egiten dute.

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Arcelor Mittal enpresak Zumarragan duen lantegia itxi egingo du aldi baterako, eperik zehaztu gabe, EiTBk jakin ahal izan duenez.

Enpresak langile batzordeari jakinarazi dionaren arabera, itxiera mugagabea izango da. Salmenten jaitsiera eta kostuei aurre egiteko zailtasunak izango lirateke itxieraren arrazoi nagusiak. Urriaren 1ean itxiko lituzke ateak lantegiak.

375 langile ditu Arcelor Mittalen Zumarragako plantak. Garai bateko Orbegozo enpresa erosi zuen Mittal talde indiarrak duela urte batzuk. Urola Garaiko enpresarik garrantzitsuenetakoa izan da urtetan; eraikuntzako enkofratuan erabiltzen den barra mehe luzea ekoizten da bertan, batez ere.

Itxiera ekiditeko plana

Enrique Barratta CCOO sindikatuko (gehiengoa du enpresan) Gipuzkoako Metalaren enpresen arduradunaren arabera, ofizialki aldi baterako ixteko erabakia “Espainiako zuzendaritzaren aginduetatik” datorrela jakinarazi dio zuzendaritzak batzordeari.

Sindikatuko ordezkaria enpresarekin hitz egiteko prest azaldu da, eta Zumarragako zuzendaritzak aurkeztea aurreikusi duen Planak duen garrantzia nabarmendu du.

“Aurkeztearen zain gaude, eta, hori egiten denean, elkarrizketara irekita”, adierazi du. Langileen aldetik mobilizazioren bat gauzatzeko aukerari buruz, CCOO sindikatuko arduradunak esan du “hasiera batean” zuzendaritzak egingo duen Planari itxarongo diotela, ea zer proposatzen duen. Halere, “ezer baztertzen ez” dela gaineratu du.

Arcelor “aldi baterako ixteak” “multinazionalen interes espekulatiboen” erabakiekin zerikusia duela esan du ELAk. Eta, igarpenaren aurrean, “borrokatu egin beharko da”, nabarmendu du.

Bestalde, LABek esan du “herrialdeak ezin duela itxiera industrial bat gehiago onartu”, Arcelorreko fabrikak aurre egin behar dion egoeraren harira.

Erreforma energetikoak krisia larriagotu zuen

Arantza Tapia Garapen Ekonomiko eta Lehiakortasun sailburuak esan duenez, Arcelor Mittalen aferari irtenbidea emateko aukera ezberdinak aztertzen aritu da enpresa azken urtebetean, baina "erreforma energetikoak lantegiak lehendik zuen lehiakortasun arazoa larriagotu egin du".

Euskadi Irratian egindako elkarrizketan, Tapiak "malgutasuna" eskatu die Arcelor Mittaleko zuzendaritzari eta langileei, "egoerari konponbide egokia" emateko. "Aukera guztiak aztertu behar dira. Langileen eta energiaren kostuak hor daude, baina beste bide batzuetatik ere murriztu daiteke kostua. Aukera denak landu behar dira. Lehiakortasunetik bila dezatela irtenbidea", esan du.

Aldundia Arcelor Mittaleko zuzendaritzarekin bilduko da

Gipuzkoako Aldundia Zumarragako Arcelor Mittal-eko arduradunekin bilduko da enpresak bizi duen egoera gertutik ezagutzeko.

Jon Peli Urigüen Berrikuntza diputatuak iragan astean eskatu zuen bilera, eta enpresako zuzendaritzak datorren astean bilduko zirela baieztatu zuen. Egun zehatza, ordea, ez da finkatu.

Arcelor Mittalek ostiral honetan jakitera eman du Zumarragako plantari "galera handiak pilatu" zaizkiola eta taldea enpresaren jarraipena ziurtatzeko "aukerak ezberdinak" aztertzen ari dela.

 

Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena