09:21

Ekonomia

Akordioa

Zorraren birfinantzazioa adostu dute Eroskik eta bankuek

Erredakzioa

Zortzi  hilabetez negoziatu ondoren, maileguak itzultzeko baldintzak adostu dituzte kooperatibak eta bankuek. 2.603 milioi euroko zorra du Eroskik.

1:11
  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Luzea eta gogorra izan da negoziazioa, baina, azkenean, 2.603 milioi euroko zorra nola finantzatu hitzartu du Eroskik finantza-erakundeekin. Baldintza-agiria sinatu du, dagoeneko, kooperatibak bankuekin, eta hurrengo urratsa aldebiko kontratuak sinatzea izango litzateke, banku bakoitzarekin. Gauzak ondo, irailean izenpetuko dira bi aldeko itunak, notarioaren aurrean.

Eroskik agiri bat kaleratu du gaur,  akordioaren berri emateko. Zorraren itzulketa-epea luzatu da eta inbertsioei eusteko maileguen baldintzak berritzea lortu da, eta horri esker,  Eroskiren bideragarritasuna bermatuta dago,  kooperatibak agirian jaso duenez.

22 bankuri 2.605 milioi euro zor die , baina zortzi dira hartzekodun nagusiak (zorraren %85 dute): BBVA, Caixa Bank, Banco Santander, Euskadiko Kutxa eta Kutxabank tartean daude. Zorraren itzulketa nola eta zein epetan egingo duen adostu du Eroskik. Banketxe nagusienekin hitzartuta, gainerako finantza-erakunde guztiek ere ontzat eman dute plana.

Agustin Markaide Eroskiko presidenteak azpimarratu duenez, akordio honekin "aro berri bati" ekingo dio kooperatibak. Datozen urteotarako duten plan estrategikoan jasota dauden erronkei aurre egiteko moduan direla esan du.  "Taldearen pasiboak berrantolatuta,  banaketa negoziora bideratuko ditugu gure ahaleginak, hori baita gure egitekoaren oinarri nagusia. Eroski berri baterantz eramango gaitu bide berriak: kontsumitzaileak, langileak, gizartea, hartzekodunak eta bazkide guztiak are gehiago asebeteko dituen eredu baterantz", gaineratu du.

Zorra atalka ordainduko dute

Adostutako baldintzetako bat zorra atalka banatzea da. Lehendabiziko atalean, 800 milioi euro jasoko dira, eta diru kopuru hori 2019ko uztailaren amaierarako itzuli beharko du Eroskik. Bigarren atala desinbertsioei dagokiena da, 300 milioi eurokoa: modu ordenatuan inbertsioetatik kapitalak erretiratzen hasiko da Eroski. Zor ez estrukturalarena da beste ataletako bat,  942 milioi eurokoa, eta, laugarren atalean, higiezinen zorra jasoko litzateke, 563 milioi eurokoa. Bestalde,  375 milioi euroko kapital zirkulatzailea gehituko diote bankuek kooperatibari, eguneroko aktibitatea aurrera atera ahal izateko.

Modu horretan, zorra ordaintzeko epea luzatzea eta birfinantziatzea lortu du Eroskik . Zorra enpresen jardueraren arabera egituratu dute.   Ondorioz, arduradunek esan dutenez, egonkortasun finantzieroa lortu dute eta horrek dagokion negozioetan murgiltzeko aukera ematen die, dituzten planak gauzatzeko.

Besteak beste, saltokietan jaki freskoak eta lurraldekoak saldu nahi dituzte eta, gainera,  bezeroarenganako hurbiltasuna indartu. Supermerkatuak, kirol dendak, bidai-agentziak, gasolinerak ... guztiak kontutan hartuta, 2.069 saltoki ditu, eta 36.400 langile, herena bazkideak dira.

Zorraren berregiturarekin, Eroskin garai berri baten hasiera omen dator, baina kooperatiba ereduari eutsiz, orain, kanpoko diru sarrera barik.

Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena