17:51

Ekonomia

Euskal kutxak

Bilbao: ‘Kutxak kritikatzen dituztenak MCCren ingurukoak dira’

Erredakzioa

Ondoren, Bizkaiko ahaldun nagusiak esan du ez duela Mondragon Korporazioa ezker abertzalearekin lotu nahi izan. Mondragon Korporazioak Ekai Center ez dela MCCren barneko entitate bat adierazi du.

0:32
  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Jose Luis Bilbao Bizkaiko ahaldun nagusiak adierazi du Ekai Center, “ezker abertzaleari BBK eta Vital kutxen aurkako babes intelektuala eta idatzizkoa ematen dion iritzi taldea” Mondragon Korporazioaren eta Laboral Kutxaren inguruko entitate bat dela, Kutxabanken aurkaria, beraz.

BBK eta Vital kutxetako batzordeek gaur bozkatu eta onartuko dute fundazio bihurtzea, EAJ eta PSE alderdiek adostu, PPk babestu eta EH Bilduk kritikatu duen prozesu bati esker.

Cadena SER irratiari eskainitako adierazpenetan, Jose Luis Bilbaok ukatu egin du horrek kutxen pribatizazioa ekarriko duenik, EH Bilduk ohartarazi duen modura. Kutxabanken akzioen jabeak kutxen ordezko banku fundazioak izango direla gogorarazi du Bizkaiko ahaldun nagusiak, eta Gipuzkoako Kutxari esan dionez, “fundazio bihurtzeko prozesuan sartu nahi ez badu, sartu egingo dute”.

Afera horretan, “ezker abertzalea urrunegi joan” dela eta “egiazkoak ez diren gauzak” esaten ari direla kritikatu du Bilbaok.

Ahaldun nagusiaren arabera, “aurkako artikuluen zati handi bat iritzi talde batek argitaratu du”, eta EH Bilduk kontu horren inguruan esaten duena “prestatzen” duela zehaztu du.

Ekai Center iritzi taldea “MCCren inguruan” dago, Bilbaoren ustez, eta Korporazioak badu kutxa propioa, Laboral Kutxa.

“Ez ditzagun tranpak egin jokoan. Beste leku batean termoak egiten dituenak Basaurin Edesa itxi nahi duen modura”, esan du Bilbaok Laboral Kutxa “Kutxabanken aurkaria” dela azpimarratu ostean.

MCCk Bilbaoren akusazioak ukatu ditu

Mondragon Korporazioak jakinarazi du Ekai Center ez dela MCCren barneko entitate bat, eta ez duela “korporazioarekin inongo loturarik”, zentroaren iritziak “haren iritziak” baitira.

Jose Luis Bilbaoren hitzei erantzun die horrela korporazioak, euskal kutxen fundazio bihurtzeko prozesuaren aurka erabilitako “argumentuen zati handi bat” MCCren barneko Ekai Center iritzi taldeak sortutakoak direla adierazi baitu Bizkaiko ahaldun nagusiak.

Mondragon Korporazioko iturriek adierazi dutenez, “Ekai Centerren iritziak haren iritziak dira, eta ez dute inolaz ere korporazioaren iritziarekin lotura zuzenik”. Gainera, zentroak ez duela MCCrekin inongo loturarik esan du korporazioak.

Bilbaoren erantzuna

Ondoren, Jose Luis Bilbao Bizkaiko ahaldun nagusiak esan du ez duela Mondragon Korporazioa (MCC) ezker abertzalearekin eta euskal kutxen fundazio bihurtzeko prozesuaren bazterketarekin lotu nahi izan.

“Norbaitek gaizki ulertu badu edo hitz egiterakoan akatsik egin badut gaur goizean, orain argi utzi nahi dut ez dudala MCC ezker abertzalearekin lotzen, eta norbaitek hala ulertu badu, barkamena eskatu nahiko nuke”, azaldu du Bilbaok.

Dena dela, ahaldun nagusiak “BBK, Vital eta Kutxa fundazio bihurtzeko prozesuaren aurka daudenen alde pentsalaria osatzen duen talde bat” dagoela uste duela azpimarratu du.

Laboral Kutxaren erreakzioa

Bizkaiko ahaldun nagusiaren adierazpenen harira, Laboral Kutxak argitu du ez duela “sekula” ezer egin euskal kutxen fundazio bihurtzeko prozesuan eragiteko.

Laboral Kutxako arduradunek azpimarratu dute “Kutxabanki errespetua” izan diotela “beti”, behin baino gehiagotan “kudeatzeko ahalmena” erakutsi baitu.

Entitateak adierazi du ez duela Kutxabank “aurkari” gisa ikusten, hura bezalako “entitate solido” bat alboan izatea garrantzitsua dela uste baitute, “jasaten ari garen krisi ekonomiko gogorrari batera aurre egin ahal izateko”.

Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena