13:18

Ekonomia

Osasuna

Osakidetzako Mahai Sektoriala deitzeko eskatu dute sindikatuek

Erredakzioa

Osakidetzan ordezkaritza duten sindikatuek mobilizazioak iragarri dituzte datozen hilabeteetarako. Esaterako, ekainaren 26an manifestazioa egingo dute Bilbon.

1:11
  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Osakidetzan ordezkaritza duten sindikatu guztiek Mahai Sektoriala deitzeko eskatu diote Osasun Sailari, besteak beste, ibilbide profesionalaren garapena eta antzinatasunagatik langileek zituzten egun libreak itzultzea jorratzeko. Bestalde, sindikatuek hainbat mobilizazio iragarri dituzte datozen hilabeteetarako.

Satse Euskadiko Erizainen Sindikatuak, ELA, LAB, Euskadiko Medikuen Sindikatuak, CCOO, UGT, ESK eta ospitaleetako medikuen elkarteen federazioak prentsaurreko bateratua eskaini dute gaur, "murrizketa gehiago eta langileen umiliazioa" eragingo dituzten neurriak salatzeko.

Sindikatu guztien izenean ohar bat irakurri du Encarnacion de la Maza Satseko ordezkariak. Bertan azaldu duenez, Osakidetzako Mahai Sektorialak ondorengo gaiak jorratu beharko ditu: enpleguak sortzea eta egonkortzea, gaixotzen diren langileak ordezkatzea, lanaldia murriztea, eta 2011ko garapen profesionalaren deialdia "berehala ebaztea". Horren esanetan, horiek dira euren lehentasunak, baina ez diote inolako eskubideri muzin egingo.

Satseko ordezkariaren arabera, Osakidetzan 3.000 lanpostu galdu dira 35 orduko lanaldia bertan behera gelditu zenetik, eta, ildo berean, langileen lan-karga areagotu eta bezeroekiko arreta, berriz, okertu egin da.

Bestalde, gaixo dauden langileak ez ordezkatzea, zerbitzuak pribatizatzea eta Eusko Jaurlaritzak osasun arloan Ekonomia Lankidetza eta Garapenerako Antolakundeko herrialdeek baino 1.000 milioi euro gutxiago gastatzea salatu dute.

Aipatu bezala, sindikatuek mobilizazioak iragarri dituzte datozen hilabeteetarako. Ekainaren 26an, esaterako, manifestazioa egingo dute Bilbon, eta uztailaren 7ko astean Osakidetzara mezu elektronikoak bidaliko dituzte.

Uda ostean, itxialdiak egingo dituzte ospitaleetan irailaren 15eko astean, manifestazioak urriaren 11ko astean, eta greba deialdiak urriaren 30etik aurrera.

Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena