Ekonomia
Cegasaren etorkizuna
Erredakzioa
Cegasako enpresa-batzordearen ustez, hartzekodunen konkurtsoan egon arren, enpresak etorkizuna du, eta bankuei finantzazio bideak irekita mantentzeko eskatu die.
Cegasa taldeko (Cegasa Multidistribución eta Cegasa Internacional Vitoria eta Oñati enpresek osatzen dute) enpresa-batzordeak eta langileen ordezkariek lanpostuak mantentzearen alde hainbat kale-agerraldi deitu dituzte hurrengo larunbatetarako. Lehenengoa Gasteizen izango da, martxoaren 22an; bigarrena Oñatin, martxoaren 29an.
Cegasa 1934an sortutako pila fabrikatzailea da. Egoitzak Gasteizen eta Oñatin ditu eta bertan 500 pertsonak egiten dute lan. Horretaz gain, Txinan 300 langile ditu eta Espainian zehar ere merkataritza-ordezkaritzak (100 lanpostu) ditu.
Gasteizen egindako agerraldian, Cegasako enpresa-batzordeak (ELA, LAB, CCOO, UGT eta ESK) enpresaren egoeraren berri eman du; likido faltagatik hartzekodunen konkurtsoan dago. Horrek ezegonkortasuna areagotu duela azpimarratu dute.
Bankuek kapital zirkulatzailea eten izana salatu dute, horrek bideragarri izaten jarraitzen duen eta iaz 124 milioi euro fakturatu zituen enpresa baten "heriotza" eragingo duelako.
Bankuei finantzazioa eskatu diete
Mikel Juanikorena batzordeko kideak azaldu duenez, bankuekin duten zorra 86,5 milioikoa da; enpresaren pasiboa, ordea, 117 milioikoa da, taldeko enpresekin duten zorra ere kontuan hartuta.
Juanikorenak taldearentzat irtenbide bat lortzeko Eusko Jaurlaritzaren eta Arabako Foru Aldundiaren parte-hartzea eskatu du. Bankuak egoera txarrean egon direnean "guztiok erreskatatu ditugu", eta orain Cegasaren jarraitutasuna bermatzeko laguntza eman beharko luketela adierazi du.
Hasieran, bankuek emandako aktibo zirkulatzailea nahikoa zen enpresaren etorkizuna bermatzeko. Arazoa da bankuek ez zutela enpresak aurkeztutako segregazio-planak onartu, Cegasa taldea bost sozietate mugatutan zatitzea proposatzen zuten planak hain zuzen. Horren eraginez, Santander bankuak finantzazioa eten zuen, eta handik gutxira gainerako banku guztiek gauza bera egin zuten.
Kudeaketa "negargarria"
Langileek komunikatu batean adierazi dutenez, zuzendaritzaren kudeaketa "negargarria" dela eta, Aitor Madina buru den zuzendaritzaren erantzukizuna zehazteko bideak ikertzen ari dira.
Juan Celayak (enpresaren sortzailea) sozietatea hondotik ateratzeko 12 milioi euroko ekarpena egin zuen 2010ean, baina zuzendaritzaren kudeaketaren ondorioz, kale egin zuela gogoratu du Juanikorenak.
Enpresa-batzordeak azaldu du 2008tik, pilen fabrikazioa Txinara aldatu zutenetik, lantaldea murriztu, soldatak izoztu, lan-eskubideak mugatu eta otsailean bukatu den aldi baterako enplegu-erregulazioko espedientea jasan dute.
Horretaz gain, enpresak soldatak ordaintzeko akordioa bete ez duela salatu dute. Langileei maiatzeko nominaren zati bat, uztaileko aparteko ordainsaria, otsaileko lan-sari osoa eta martxokoaren zati bat zor die.
Azkenik, zuzendaritzak laster aurkeztuko duen enplegu-erregulazioko espedientearen zain daude.
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa