13:07

Ekonomia

Gasteizen

Ikasleek Mercedeseko egoitzan praktikak egiteko hitzarmena sinatu dute

Erredakzioa

Alemanian jarri zuen martxan Mercedesek eredu hau, Europan lehen aldiz, eta orain Euskadin ezarriko du.

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Eusko Jaurlaritzak eta Mercedes Benzek lankidetzarako protokoloa sinatu dute Lanbide Heziketaren arloan, ikasleek praktikak Mercedesek Jundizen duen lantegian egin ditzaten. Hiru urte egongo dira praktika horiek egiten eta guztira 3.000 ordu emango dituzte Mercedesen lantegian.

Alemanian jarri zuen martxan Mercedesek eredu hau, Europan lehen aldiz, eta orain Euskadin ezarriko du.

Ituna sinatzeko ekitaldian, besteak beste, Iñigo Urkullu lehendakaria eta Emilio Titos enpresako zuzendaria izan dira.

Urkulluk aditzera eman duenez, Mercedesekin hasi dute bidea, baina hitzarmena autogintza sektoreko beste enpresa batzuetara ere zabaldu nahi dute.

Eredu berri honek enpresetako praktika orduak biderkatu egiten ditu eta alor jakin horretako betebeharretara zuzentzen ditu gazteak. Lanbide heziketa "dual" honi esker, gazteek lan aukera berriak izango dituztela esan du lehendakariak.

Gaur sinatutako akordioari esker, Gasteizko Mercedesen egoitzan eta enpresak zehazten dituen postu jakinetan egingo dituzte praktikak gazteek. Gutxienez 10 ikaslerekin hasiko dira, baina Mercedesek aurreratu du ez dutela mugarik jarriko.

Urkulluren arabera, akordio horrekin bi helburu dituzte: "batetik, Lanbide Heziketako ikasleen profil profesionalak hobetzea, eta, bestetik, enpresaren beharretara hobeto egokitzea". "Gizartearen eta enpresen benetako beharrei egokitzea eta horiei erantzutea izango da Eusko Jaurlaritzak jarraituko duen bidea", gaineratu du.

Bi urteko zikloa hiru urtera luzatuko dute eta, horrenbestez, prestakuntzak 2.000 ordukoa izan beharrean, 4.790 ordu iraungo du. Horietatik bi heren enpresan egingo dituzte.

Halaber, hitzarmenak gazteen enplegagarritasuna handitzen duela esan du Urkulluk: "Gure proiektuaren oinarrizko helburua gazteei prestatzeko eta laneratzeko aukerak ematea da".

Azkenik, lehendakariak Lanbide Heziketarekin eta LOMCErekin lotutako aipamen bat egin du, prestakuntzaren eta enpresen arteko lankidetzaren alde eginez: "Hau da LOMCEri aurre egiteko gure aukera: elkarlanaren eta akordioaren alde egitea".

Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena