13:48

Ekonomia

Goi-bilera ekonomikoa Bilbon

Euskal sindikatu guztiak, Bilboko foro ekonomikoaren aurka

Erredakzioa

Sindikatu guztiak bat datoz Bilboko goi-bileran parte hartuko duten erakundeak "prekarietatearen, pobreziaren eta eskubide-murrizketaren" erantzuleak direla esaten.

  • Txiki Muñoz eta Ainhoa Etxaide. Argazkia: EFE

    Txiki Muñoz eta Ainhoa Etxaide. Argazkia: EFE

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

ELAk, LABek eta beste 50 gizarte eragilek deia egin dute datorren martxoaren 3an Bilboko goi-bilera ekonomikoaren aurka antolatu duten manifestazioan parte hartzeko.

"Erregeak, multinazionalek eta foro horretan izango diren gainerako erakundeek argi izan behar dute Euskal Herrian ez direla ongietorriak", nabarmendu dute Adolfo 'Txiki' Muñozek (ELA) eta Ainhoa Etxaidek (LAB) gaur goizean egindako agerraldian.

Datorren astelehenean Bilboko Guggenheim Museoan egingo den goi-bilera ekonomikoan Espainiako erregea, Christine Lagarde Nazioarteko Diru Funtsaren zuzendaria, Mariano Rajoy Espainiako Gobernuko presidentea eta banketxe eta enpresa handietako arduradunak izango dira.

'Troika Go Home' lelopean, sindikatu abertzaleek bi manifestazio deitu dituzte egun horretarako, 10:00etan. Lehendabizikoa Jesusen Bihotzetik aterako da, eta bigarrena, Arriaga Plazatik; bi martxak Moyua Plazan elkartuko dira, eta handik Guggenheim Museora joango dira.

Ainhoa Etxaidek goi-bilera horretan parte ez hartzeko eskatu die euskal erakundeei, eta gogoratu die foro horrek ez duela "gizartearen babesa".

Langileei, berriz, kalera ateratzeko eta protestetan parte hartzeko dei egin die. "Troika eta foro horretan izango diren erakundeak, banketxeak eta multinazionalak prekarietatearen, pobreziaren eta eskubide-murrizketen erantzuleak dira", azpimarratu du.

"Ezberdintasunak nabarmentzen dituen sistema ekonomiko eta sozialaren erantzuleak dira", erantsi du.

"Sistema honen ideologoak (Nazioarteko Diru Funtsa eta Ekonomia Lankidetza eta Garapenerako Antolakundea), sistema honen onuradunak (BBVA, Telefonica eta Iberdrola bezalako enpresa handiak) eta sistema honen konplizeak (Europar Batasuna,  Espainiako Gobernua eta Eusko Jaurlaritza) izango dira Bilboko foroan", azaldu du.

Goizeko manifestazioaz gain, Euskal Herriko Gutun Sozialaren bultzatzaileek hitzaldiak antolatu dituzte arratsalderako EHUren Paraninfoan eta bigarren manifestazio bat 19:00etarako (Euskadi Plazatik Arriaga Plazara).

CCOO: "Kalea geure egingo dugu eta entzun egingo gaituzte"

Bestalde, CCOO, UGT eta USO sindikatuek ere manifestazioa egingo dute aipatu goi-bilera ekonomikoaren aurka, baina igandean, biltzarraren bezperan.

Unai Sordo Euskadiko CCOOren idazkariak esan duenez, "kaleak geure egingo ditugu eta entzun egingo gaituzte, gisa horretako foroak erakunde demokratikoekin loturarik ez dutelako".

"Manifestazioaren bitartez euskal gizarteak bere haserrea erakusteko aukera izango du, eta astelehenean Guggenheim Museoan bilduko direnek sortutako murrizketa sozialak eta soldata jaitsierak salatu ahal izango ditu", azaldu du Sordok.

Horrez gain, goi-bilera horretan "gobernuei presio egiten dien 'lobbia' osatzen duten enpresaburu asko" izango direla gogora ekarri du.

"Horiek dira azken bospasei urteetan Euskadin, Espainian eta Europan eskubide sozialak eta publikoak murriztu eta suntsiketaren eredu ekonomikoa ezarri dutenak", gaineratu du.

Amaitzeko, manifestazio zabala egin nahi dutela esan du Sordok. "Manifestazio indartsua izatea nahi dugu; horregatik, sindikatu eta gizarte-eragile guztiei bertan parte hartzeko gonbidapena luzatzen diegu", adierazi du.

Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena