Ekonomia
Enkante elektrikoa
David Perez | eitb.com
Lehia Batzordeak elektrizitate enkantea baliogabetu badu ere, litekeena da faktura elektrikoaren igoera handia izatea.
Albisteak (3)
Informazio gehiago (1)
Lehia Batzordeak baliogabetu egin du argindarra % 10 baino gehiago garestitzea ekarriko zuen elektrizitate enkantea. Hala eta guztiz ere, litekeena da fakturaren igoera handia izatea azkenean.
Enkantea baliogabetu baino lehenago, argindarra % 11,5 garestitzea aurreikusten zen: % 10,5, enkantearen ondorioz, eta beste % 1, Espainiako Gobernuak bidesariak igo dituelako.
Fakturak bi zati ditu. Batetik, Exekutiboak sare elektrikoa erabiltzeagatik konpainia elektrikoei kobratzen dien zergak edo 'bidesariak'. Azken fakturaren % 55 dira, konpainia elektrikoek kontsumitzaileei kobratzen baitiete zenbateko hori. Bestetik, aipatu enkanteak daude. Fakturaren % 45 dira, eta, teorian, konpainia elektrikoak euren artean lehiatzea dute helburu, prezio merkeenak eskaintzeko. Teorian.
Hori horrela, zer gertatuko da orain? Gobernuak ezarriko du prezioa? Errepikatu egingo da enkantea? "Boulevard" Radio Euskadiko saioan egindako elkarrizketa batean, Espainiako sektore elektrikoaren aditu nagusietako batek, Jorge Moralesek, gako batzuk azaldu ditu.
"Legeak enkante bat baliogabetzea aurreikusten du, baina lege hori 2009. urtekoa da, eta, garai horretan, bost enkante egiten zituzten hiruhileko bakoitzean. Horregatik, enkante bat baliogabetzea arazo txikia zen, prezioa aurreko eta ondorengo enkanteekin batez bestekoa eginez kalkulatzen baitzen. Orain, baina, enkante bakarra dago, eta, beraz, dena airean dago. Ministroen Kontseiluak premiazko dekretu bat onartuko duelakoan nago, hutsune hori betetzeko", adierazi du.
Aditua irmo agertu da: "Argindarra ez dute % 11,5 garestituko, hori seguru, baina baliteke, hala ere, % 13 edo % 9 garestitzea, adibidez".
Horren ildotik, "merkatuaren baldintzak" ez direla aldatu ohartarazi du, "eta, ondorioz, enkantea hurrengo egunetan errepikatzen bada, prezioa berbera edo oso antzekoa izango da".
"Merkatuak prezio altuetan mugitzen ari dira oraindik, eta hori konpontzen ez bada, hemendik urte amaierara ez da konponduko, argindarra garestitu egingo da. Hori bai, gerta liteke agintariek amarru bat egitea, % 11,5eko igoera hori epeka, baina interesekin, kobratzeko", ohartarazi du.
Enkantea manipulatuta ote? Zergatik garestitu da horrenbeste argindarra?
Moralesen esanetan, "oso zaila" da enkante elektrikoa manipulatzea, hau da, konpainia elektrikoek prezioak adostea, enkante horretan eragile ugarik hartzen duelako parte, hala nola konpainia elektrikoek, bankuek eta inbertsio funtsek.
Orduan, zein da arazoa? Konpainia elektrikoen hitzetan, argindarra ekoiztea azken fakturan kobratzen dutena baino garestiagoa da. Horregatik, Jose Maria Aznarren Gobernuak alde hori finantzatzea erabaki zuen.
Garai horretan, superabita zegoen Aurrekontu publikoetan, baina, egun, erabaki hark 30.000 milioi euroko 'zuloa' utzi du.
Hori horrela, azaroaren 29an, faktura elektrikoaren defizita finantzatzeari utzi egingo diola aurreratu zuen Mariano Rajoyren Gobernuak, eta kendu egin zituen 2014. urteko Aurrekontuetan zeregin horretarako aurreikusita zeuden 3.600 milioi euroak. Helburu hori duen legea atzo onartu zuten Diputatuen Kongresuan.
Moralesen arabera, "harrezkero [Gobernuak fakturaren defizita finantzatzeari utziko diola aurreratu zuenetik], prezioak puztu egin dira; konpainia elektrikoen mendeku gisa interpretatu da, baina hori frogatzea oso zaila da".
Adituak Rajoyren erreformaren aurka egin du: "Sektore Elektrikoaren Legea 1997. urtekoa da, eta porrot egin du, baina PPren Gobernuaren erreformak bide beretik jarraitzen du, eta ez da lagungarri izango sektorearen gardentasuna hobetzeko".
Laburbilduz, garestitu egingo da argindarra? Bai. Asko? Segur aski. Zenbat zehazki? Oraingoz ez dago argi.
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa