Itxi

Ekonomia

Krisia Fagorren

Fagor Etxetresnakeko 1.000 lanpostu mantendu nahi ditu MCCk

Erredakzioa

Bazkideen lanpostuak mantentzeko "tresnak indartuko" dituela iragarri du Koprorazioak. Horretarako, Enplegu Bulego Korporatibo bat sortuko duela esan du MCCk.

  • Argazkia: EFE

    Argazkia: EFE

Mondragon Korporazioa Fagor Etxetresnak kooperatibaren 1.000 lanpostu mantentzen saiatuko da. "Lehentasunezko helburua" dela adierazi du MCCk.

Txema Guisasola Mondragon Korporazioko presidenteak eta Agustin Markaide Eroskiko buruzagiak MCCko kooperatiben arduradun nagusiei bidalitako barne agiri batean azaltzen da informazioa eta EiTBk eskuratu ahal izan du.

Bazkideen lanpostuak mantentzeko "tresnak indartuko" dituela iragarri du Koprorazioak. Horretarako, Enplegu Bulego Korporatibo bat sortuko duela esan du MCCk.

Horrela, MCCk lanpostuak mantentzeko konpromisoa hartu du eta horretarako ia 50 milioi euroko inbertsioa aurkeztuko du hurrengo Kongresuan.

Kongresuan azaldu zen bezala, "MCCren kooperatibek euren gaitasun guztia bete-betean erabili dute, baita Korporazioko bide guztiak ere, Fagor Etxetresnakeri laguntzeko. Aurrekaririk ez zuen erabaki baten bidez, aho batez onartu zen kooperatiba guztien ekarpenekin funtsa sortzea eta horren bitartez laguntza gehigarri eta ezohikoa ematea", gogorarazi du.

"Kontseilu Orokorrak deritzo kooperatibaren proiektu estrategikoa ez dela bideragarria eta eskatzen dituen baliabideak ez dutela balioko etorkizuna ziurtatzeko", erantsi du.

Horrela gauzak, astelehenetik aurrera Fagor Etxetresnakeko langile kontratatuak langabezian geratuko dira, eta bazkideek aukera batzuen artean hautatu beharko dute. Era berean, lantegi guztietako produkzioa bertan behera geratuko da.

"Albiste tristea da"

Bestalde, MCCren erabakiak "kooperatibako bazkideak gutxienez lau hilabete langabezian" utziko dituela salatu dute kooperatibista kritikoek agiri batean.

"Albiste tristea da", gaineratu dute. "Azken hamarkadako akats taktikoek eta estrategikoek enpresa noraezean utzi dute", kritikoen hitzetan.

Fagor Etxetresnakeko langileek manifestazioa egin behar dute ostiral honetan Arrasaten (Gipuzkoa). Protesta 12:00etan abiatuko da.