Ekonomia
Krisia Fagorren
IKER GOMEZ | EITB.COM
Arrasateko Lanbide Eskolako bost ikaslek Gasteizko lantoki txiki bat erosi zuten 1956. urtean, etxetresnak ekoizteko helburuarekin.
Fagor Etxetresnakeko langile bat. EITB.
Albisteak (5)
Luis Usatorre, Jesús Larrañaga, Alfonso Gorroñogoitia, José María Ormaetxea eta Javier Ortubai. Fagor Etxetresnak enpresaren sorreraren atzean bost gazte horiek egon ziren, orain 57 urte.
Mondragon taldearen hasieratik datorren ikur nagusia da Fagor Etxetresnak, hura izan baitzen sortu zuten aurreneko kooperatiba.
Arrasateko Lanbide Eskolako bost ikasle horiek Gasteizko lantoki txiki bat erosi zuten 1956. urtean, etxetresnak ekoizteko helburuarekin. Gerora, enpresa Estatuko liderra bilakatu zen etxetresnen alorrean, eta mundu mailan erreferente izatera iritsi da.
Hasiera batean, Ulgor izena jarri zioten tailerrari (bost ikasleen abizenen lehenengo letrak hartuta). Tailerra Arrasatera eraman zuten gero, eta, han, Jose Maria Arizmendiarreta apaizaren aholkuei jarraituta, kooperatiba sortzea erabaki zuten: Fagor izena jarri zioten.
Abangoardia teknologikoa izan da Fagor Etxetresnaken arrakastaren oinarria. 1978. urtean aurreneko mikrouhin-labea egin zuen, eta etxetresnen 5 urteko garantia eskaintzen aitzindaria izan zen Fagor.
Bidean oztopo asko izan ditu Fagor Etxetresnakek. 1971. urtean, estatutuak aldatu behar izan zituzten, urte horretan ez baitzuten etekinik lortu. 80ko hamarkadan, krisiak gogor jo zuen, baina egoerari eustea lortu zuen.
1994. urtean, Fagorrek nazioartera ireki zituen leihoak: Marokon hozkailuak egiteko lantokia ireki zuen, eta, hiru urte geroago, Estatuko lider bilakatu zuten. Mundu mailan, alorreko seigarren enpresa da Fagor. 1999. urtean, Polonia iritsi zen, eta, ondoren, besteak beste, Txina eta Frantzia etorri ziren.
Egungo krisi ekonomikoarekin, arazoak hasi ziren. 2007. urtean, Fagor Etxetresnaken salmentek % 37 egin zuten behera, eta, 2008tik hona, langileen kopurua erdira jaitsi da. Orduan 10.000 behargin izatetik, gaur egun 5.642 izatera igaro da.
Egun, Fagor Etxetresnakek bost lantoki ditu Euskal Herrian (bi Arrasaten eta bana Basaurin, Bergaran eta Eskoriatzan) eta zortzi, nazioartean (lau Frantzian, bi Txinan eta bana Polonian eta Marokon). Horrez gain, filialak ditu kontinente guztietan.
Guztira, 5.600 langile ditu; horietatik 1.600, Euskal Herriko kooperatibistak.
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa