Itxi

Ekonomia

Fagor Etxetresnak

Zer gertatuko da Fagor Etxetresnakeko langileekin?

Erredakzioa

Lantegi guztietako produkzioa bertan behera geratuko da astelehenean. Dagoeneko lau lantegi geldi daude. Eskoriatzako lapikoen fabrika lanean egongo da ostiralera arte.

1:40

Astelehenetik aurrera Fagor Etxetresnakeko langile kontratatuak langabezian geratuko dira, eta bazkideek aukera batzuen artean hautatu beharko dute, konpainiako iturriek EiTBri jakitera eman diotenez. Era berean, lantegi guztietako produkzioa bertan behera geratuko da.

Dagoeneko lau lantegi geldi daude. Eskoriatzako lapikoen fabrika lanean egongo da ostiralera arte.

Gizarte Segurantzaren babesean lan egin dutenek langabezia kobratuko dute. Bazkideak, ostera, 'baja egutegian' sartuko dira, hau da, lan erregulazioko sistema antzeko batean, hartzekodunen konkurtsoak iraun bitartean (lau hilabete).

Lau hilabete horietan finantziazio egoera konpontzen saiatuko dira. Behin lau hilabete horiek igarota, langileen inguruko behin betiko erabaki bat hartuko dute.

Bazkideek (55 urtez gorakoek) aurrejubilazioak hartzeko, Mondragon Korporazioko beste lantegietan lanean hasteko edo bi urtez langabezia kobratzeko aukera izango dute.

Kooperatibako iturriek jakitera eman dutenez, langileei egoeraren berri emateko bilerak egingo dituzte datozen egunetan.

"Langileen artean egonezina, kezka eta haserrea" nagusi direla esan dute iturriek. Fagor Etxetresnak enpresak EAEn dituen langile gehienak (% 85) bazkideak dira, eta ezin izango dira erregulazioan sartu, baina kooperatibak atzerrian dituen fabriketan langile laboralak daude.

Bazkideek Mondragon Korporazioko beste kooperatiba batzuetan lan egiteko aukera izan dezakete, lanposturik badago, edota aurrejubilazioak hartzeko aukera, 55 urtez gorako bazkideen kasuan. Kooperatibako bazkideak 58 urterekin erretiroa hartzen ari ziren orain arte. Azken aukera langabezia izango litzateke.

Bestalde, Kontseilu Sozialak manifestazioa deitu du ostiralerako.

Negozioaren zati bat errentagarria da oraindik

Bien bitartean, Eusko Jaurlaritza eta Gipuzkoako Foru Aldundia konpainia salbatzeko lanean ari dira.

Erakunde horien ustez, negozioaren parte bat salbatu egin daiteke, errentagarria delako, egoste eta etxetresna txikien sailak, kasu.