Ekonomia
Krisia Fagorren
Mondragonek porrotera eraman du Fagor Etxetresnak
PEDRO GARCÍA LARRAGAN | RADIO EUSKADI
Maiatzean, linea zuriko atalari 70 milioi euro uzteko plan berezia egin zuten, ahalegin handia eginez... Baina, dagoeneko, ezin da gehiagorik egin.
-
Fagor Etxetresnak hartzekodunen aurrelehiaketan sartuko da. Argazkia: EiTB.
Elkartasun kooperatiboak ere mugak ditu, eta, antza denez, Fagor Etxetresnaken kasuan, muga horretaraino heldu da egoera, nahiz eta atal hau Mondragon taldearen izarretako bat eta, are gehiago, enbrioietako bat izan...
...baina duela bost urtetik Fagor Etxetresnak burua jaso ezinik dabil. Kontsumoa jaitsi izanak, gero eta etxebizitza berri gutxiago eraikitzeak eta frantziarrekiko itun zalantzagarriak azken kolpea jo diete kontuei. 2009an, 20 milioi euroko galerak izan zituzten, baina hurrengo urtean berriz etekinak izateko asmoa zuten. 2012an, baina, ia laurogeita hamar milioi euro galdu zituzten. Aurtengo lehen erdialdean, bestalde, 66 milioiko galera metatu zuten; hots, hobetu beharrean, zenbaki gorriak gero eta handiagoak dira.
Hartara, bankuek ez diete dirurik uzten, eta dagoeneko hainbat aldiz soldatak jaistera eta hainbat murrizketa egitera eraman dituen krisiak indar-hustuta heldu da Mondragon taldea puntu honetara.
Maiatzean, linea zuriko atalari 70 milioi euro uzteko plan berezia egin zuten, ahalegin handia eginez... baina, honezkero, ezin da gehiagorik egin.
Fagor Etxetresnakek 120 milioi euro behar zituen zor larriei aurre egiteko, eta Mondragonek erortzen utziko du. Hartzekodunen konkurtsoa deituko dute, hau da, zorrei aurre egin ezin diela aitortuko du enpresak auzitegien aurrean, eta "kitapen ordenatua" egiteko prozesua gauzatzen saiatuko da. Izan ere, gerta litekeen okerrena da porrotak Mondragon talde osoa, egungo euskal enpresa talde handiena, Espainiako Estatuko zazpigarrena eta munduko kooperatiba handiena, joko lukeen danbada bat eragitea.