Ekonomia
MCC
eitb.com
2007. urtetik, salmentak % 37 jaitsi dira, eta pilatutako zorra 700-800 milioi eurokoa ei da.
Fagor etxetresnak
Fagor Etxetresnak, Mondragon Korporazioko (MCC) ikur handienetako bat, kinka larrian dago, krisi ekonomikoaren gordintasunaren ondorioz.
Ez da gutxiagorako: 2007. urtetik, salmentak % 37 jaitsi dira (600 milioi euro), eta, 2008. urtetik, langileen kopurua erdira murriztu da. Orotara, pilatutako zorra 700-800 milioi eurokoa ei da.
Hori dela eta, konpainiak finantziazioa behar du, hartzekodunen konkurtsoa saihesteko. Fagorrek ez du zehaztu zenbat, baina, hainbat iturriren arabera, 50 eta 120 milioi euro artean izango lirateke.
Fagor Etxetresnakek 60,4 milioi euroko galerak izan ditu aurtengo lehen seihilekoan, hau da, iazko epe berean baino hiru aldiz handiagoak izan dira. Orduan, 20,3 milioi euro galdu zituen.
Iaz, kooperatibak 89 milioi euroko galerak izan zituen. Fakturazioa 1.167 milioi eurokoa izan zen, aurreko urtekoa baino % 9 gutxiago. Nazioarteko salmentak negozio osoaren % 76 izan ziren.
Fagorrek mozkinak izan zituen azken urtea 2008a izan zen. Dena dela, eskasak izan ziren: 121.000 euro, aurreko urtean (13,4 milioi euro) baino % 99 gutxiago.
Emaitza horien aurrean, MCCk 70 milioi euroko funtsa sortu zuen maiatzean, Fagor Etxetresnak salbatzeko.
Konpainiak 78 milioi euroko murrizketak egin ditu, baina, hala ere, ez da nahikoa izan, eta, orain, MCC beste erreskate bat onartzea aztertzen ari da.
Langileak eta soldata
Salmentak eta fakturazioa ez ezik, langileen kopurua eta horien soldatak ere jaitsi dira azken urteetan.
Hala, 2008. urtean 10.000 langile inguru zituen, eta, orain, 5.642 (iaz baino 1.356 gutxiago). Euskadin, 1.600 dira.
Maiatzean, soldata % 6,48 jaistea onartu zuten langileek. Aldez aurretik egindako beste jaitsiera batzuen ondorioz, gainera, gaur egun soldataren % 80 baino ez dute kobratzen.
Mundu osoan, Fagor Etxetresnakek 13 lantegi ditu: bost EAEn (bi Arrasaten eta bana Basaurin, Bergaran eta Eskoriatzan) eta zortzi Frantzian, Polonian, Marokon eta Txinan.
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa