Ekonomia
Eztabaida
Urkullu: 'Kontzerturik gabe, autogobernu izateari utziko lioke'
Erredakzioa
Gainera, Kupoa eta Kontzertua 'bereizezinak' direla esan dio Erkorekak PSOEri. Jose Antonio Pastorrek, berriz, legediak Kupoa bost urtean behin berrikustea jasotzen duela azpimarratu du.
-
Iñigo Urkullu lehendakaria. Argazkia: EiTB
Kontzertu Ekonomikorik gabe edo ''aldebikotasunaren bermerik gabe'' Euskadiko autogobernuak autogobernu izateari utziko liokeela esan du astearte honetan Iñigo Urkullu lehendakariak.
Ikerbasqueko ikertzaile gazteekin Gasteizen egindako ekitaldi batean, EAEko Kontzertu Ekonomikoaren garrantzia azpimarratu du lehendakariak.
''Kontzertu Ekonomikorik gabe edo aldebikotasunaren bermerik gabe, EAEko autogobernuak egun ezagutzen dugun autogobernua izateari utziko lioke, eta hori onartezina litzateke Euskadirentzat'', azpimarratu du.
Halaber, lehendakarik gogora ekarri du Euskadiko autogobernua ''Espainiako Konstituzioa osatzen duten eskubide historikoetan'' dagoela oinarrituta.
Ildo horretan, Kontzertu Ekonomikoa eta Kupoa "bereizezinak" direla ohartarazi dio Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak PSOEri, eta bi tresna horien aurka alderdi sozialistako hainbat kidek egindako "lekuz kanpoko" erasoekin kezkatuta agertu da.
Pere Navarrok EAEko Kontzertua eta Nafarroako Hitzarmena kentzeko egindako eskaera eta Alfredo Perez Rubalcaba PSOEko idazkari nagusiak Kupoa berrikusi behar dela esanez egindakoa ekarri ditu gogora Erkorekak Eusko Jaurlaritzaren Kontseilu bileraren osteko prentsaurrekoan.
Erkorekak argi utzi du Jaurlaritzak egungo sistema babesten duela eta "kupoa berrikustea Kontzertu Ekonomikoa berrikustea" dela erantsi du. Halaber, Rubalcabari aukera hori proposatuta zer lortu nahi duen argitzeko eskatu dio.
EH Bilduk, "Estatuarekiko harremana planteatzeko" deia
Bestalde, Laura Mintegi EH Bilduren Legebiltzarreko bozeramaileak "behingoz Estatuarekiko harremana planteatzeko" deia egin du, gaur egungo kupoa "hondakinaren hondakina" dela iritzita.
Mintegiren ustez "tristea" da eztabaida "zenbait ordaindu behar den" erabakitzera mugatzea.
Nafarroan gai horren inguruan dagoen adostasuna goraipatu du: "Guztiek gauza bera esan dute: gure nortasuna eta berezitasuna dugu eta ez dezatela Amejoramendua ukitu". EAEn ere antzekoa omen da egoera; izan ere, "hemen ez dago oposiziorik, UPyD kenduta, baina bere itzala oso txikia da. Gehiengo zabala dago hemen ados, ia aho batez erakusten dugu iritzi bera: gure berezitasunak mantendu nahi ditugu".
Hala ere, "batzuentzat nahikoa da dagoenari eustea, eta beste batzuentzat harago joateko garaia da".
PSE: "Legeak Kupoa berrikusi beharra jasotzen du"
Jose Antonio Pastor PSEren Legebiltzarreko bozeramaileak Legeak Kupoa bost urtean behin berrikusi "beharra" jasotzen duela azaldu du eta horretan bi urteko atzerapena dagoela nabarmendu du.
Pastor Rubalcabaren hitzekin bat agertu da, PSOEko idazkari nagusiak, hain zuzen, Kontzertu Ekonomikoa babestu zuen atzo, baino Kupoa "berrikusi" beharko litzatekeela esan zuen.
Pastorrek azpimarratu duenez, Kontzertua zalantzan jartzen duen inor ez dago bere alderdian, baina Kupoa "berrikusi" daitekeela esan du.
Halaber, hori negoziatzea Espainiako Gobernuari eta Jaurlaritzari dagokiela esan du, eta bi Exekutiboei horren inguruko jarrera argitzeko eskatu die.